50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Kamer Koris abesbatza, txapeldunetan txapeldun

Mikel Iraola 2018ko aza. 4a, 17:11

Letoniako Kamer Koris taldeak irabazi du 50. urteurreneko Tolosako Abesbatza Lehiaketako Sari Nagusia, baita publikoaren saria ere. Garaipen honekin 2019ko Europako Sari Nagusian parte hartzeko txartela ere lortu du.

Dirdiratsua. Demasa. Gozatzekoa. Bakarra. Errepikaezina. Adjektibo sorta amaiezin bat jar dakioke 2018ko Tolosako Abesbatza Lehiaketari. Txapelketaren 50. urteurrenaren aitzakian munduko abesbatzarik onenen plaza izan da Tolosa, eta askorako eman du lau egun iraun duen lehiak. 

Lehiaketa izaki, txapeldun bat aukeratu behar, askoren artean. Izan ere hori da nabarmendu beharreko lehen puntua: parte hartu duten 16 taldek erakutsitako maila bikaina. Enrike Azurza epaimahai buruak berak onartu duen bezala, «aurreko urteetako lehiaketa eredua izan balu aurtengoak, 10 bat abesbatzak-edo lortuko lukete txapeldun izatea egin duten lana ikusita».

Izan dute lana, bai, epaimahaia osatu duten zortzi kideek. Ez baita erraza izan erabakitzea zein lau abesbatzari eman finalerako txartela. Eta, zer esanik ez, lau horien artetik irabazlea aukeratzea.

Kamer Koris garaile

Letoniara joan da 50. urteurreneko lehiaketako sari nagusia, sorpresa emanez. Izenez ez besteak adina entzutetsu, ez zen askoren kinieletan sartzen, baina saio ederra burutu zuten ostiral iluntzean, finalera sailkatzea lortuz.

Hori gutxi ez, eta finalean ere emanaldi borobila eskaini dute, 25 urteko Aivis Greters gaztearen zuzendaritzapean. Hunkituta jaso dute saria, ezustean ia-ia. Letoniako folk abesti ezagun bat eskaini dute saria jasotzean.

Azken hilabeteak konplikatuak izan direla azaldu du Gretersek, eta saria talde lanaren ondorio izan dela nabarmendu du: «Duela hiru hilabete hartu nuen zuzendaritza, eta denbora gutxian lan asko egin dugu lehiaketa prestatzeko. Taldeak egin duen lana izugarria izan da».

Publikoaren saria ere Kamer Korisek jaso du, hain zuzen. Xabier Sarasolaren Veja Mate abestu dute saria jasotzerako orduan, eta Leidorren bertan zen konposatzaile beasaindarrari eskaini diote garaikurra.

Sariekin batzuk, esku hutsik beste batzuk

Oreya ukrainarra zen beste hautagaietako bat, baina finalean ez dira fin ibili. Azurzaren esanetan, «aukeratu duten errepertorioa beharbada ez da egokiena izan». Indonesiako Batavia eta Suediako St. Jacobs ere aritu dira finalean sari potoloenaren lehian, baina hirurek finalista izateagatik eman dieten garaikur eta txapela banarekin konformatu behar izan dute.

Hain zuzen, suediarrek programa onenaren saria jaso dute, Denis Itxaso diputatuaren eskuetatik. Euskarazko interpretazio onenaren saria Asturiasko El Leon de Oro abesbatzarentzat izan da, Javier Bustoren Bidasoa lanagatik. Publikoaren artean zegoen Busto berari eskaini diote saria asturiarrek.

Tolosako Udalaren izena daraman obra onenaren saria, berriz, Alemaniako Kammerchor Saarbrücken abesbatzarentzat izan da, Friede Auf Erden obragatik, Arnold Schönbergena.

Zuzendari onenaren saria, Tolosako KUP Taldeko Gabriel Baltesek jaso du, eta zutik jarri da Leidor, etxeko taldearen gidari izan denaren lana eskertzeko, horien artean, taldekide ugari.

Eta zutik amaitu du Leidorrek. Ohikoa den moduan, Javier Busto konposatzaileak zuzenduta Agur Jaunak abestuz eman diote itxiera urrezko edizio honi. Gogoangarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!