Lehen derbia, Laubururentzat

Mikel Iraola 2018ko aza. 3a, 20:36

Emozio handiko partida jokatu dute Laskorainek eta Lauburuk. Gutxigatik izan bada ere, ibartarrentzat izan da garaipena, 2-3.

Ikuskizun paregabea eman dute gaur arratsaldean Laskorainek eta Lauburuk. Lehen aldiz eskualdeko derbia izan da Usabalen, eta ikusmina sortu du. Harmailak bi taldeetako zalez beteta izan dira. Pozgarria benetan harmailetan horrenbeste jende ikustea.

Eta kirol ikuskizunak, gainera, merezi izan du. Hiru puntu baino gehiago ziren jokoan gaur, eta giroaz gain, bi taldeek kantxan erakutsitako indarrean nabaritu da. Partida bizia, grinatsua, emozio handikoa izan da.

Lauburu jarri da aurretik markagailuan. Andoni Agirrezabalak areaz kanpoko jaurtiketa bortitz batekin 0-1ekoa jarri du 13. minutuan. Zumetak gutxigatik ez du bigarrena egin, baina bere erremateak langan jo du.

Gutxi iraun die pozak ibartarrei, hiru minutura banakoa lortu baitu etxeko taldeak korner batean, Paul Ruedaren bitartez. Horitxoek erasora jo dute orduan, eta 22. minutuan topatu dute saria. Gabak aurretik jarri du ikastolako taldea, areaz kanpoko beste jaurtiketa on batekin. Hirugarrena ere gertu izan du etxeko taldeak, baina gutxigatik kanpora joan da Juaristiren jaurtiketa bat.

Baina atsedenaldiaren aurretik moretxoen beste gol bat ikusteko aukera izan da. Aldageletara joateko bi minutu falta zirela hutsartea eskatu du Alfredo Hualde, Lauburuko entrenatzaileak. Estrategia prestatu, eta jokaldi horretan bertan, berdinketa lortu du Javi Saldisek.

Bigarren zatia ere erritmo bizikoa izan da. Bi taldeek izan dituzte aukerak, eta azken minutuetan puskatu da oreka. Erasora jo du Lauburuk, azken minutuetan atezain jokalaria zelairatuz. Eta bi minutu eskas falta zirela saria topatu du. Berriro ere Javi Saldisek egin du gola, errebote bat baliatuz.

Emozio handikoak izan dira azken minutuak, eta Usabal bete duten zaleak txoratzen ziren. Laskorainek ere atezain jokalaria atera du azken minutu horietarako, eta denbora agortzear zela aukera bikoitza izan du berdinketa lortzeko, ezin, ordea, baloia sareetara bidali. Hortxe agortu da denbora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!