50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Finalistak jakitea bakarrik falta da

Mikel Iraola 2018ko azaroaren 3a

Irudian, El Leon de Oro abesbatza

Amaitu da 50. Tolosako Abesbatza Lehiaketako lehen fasea. Lau finalisten izenak jakitea baino ez da falta. Arratsaldean emango dute jakitera epaimahaiaren erabakia.

Doinu klasikoek markatutako saioa izan da larunbat goizekoa, lehen faseko lau saio puntuagarrietan azkena. Izan dira, hala ere, ezaugarri horietatik atera den ale solterik, baina orokorrean, erritmo moteleko emanaldia izan da. Horrek ez dio meriturik kendu, ordea, kalitatezko hiru abesbatzek eskainitakoari.

Convivium Singers (Londres - Erresuma Batua)

Alexander Normanen zuzendaritzapean, koru trinko baten itxura eman dute ingelesek. George Arthurek aurten konposatutako Basque Rosary hautatu dute euskaraz abesteko. Shenandoah edo Didn't my lord deliver Daniel? azken kantu modernoagoekin amaitu dute.

El Leon de Oro (Luanco - Asturias)

Uzkurtuta sartu dira asturiarrak oholtzara, baina minutuak pasa ahala, gehiagora joan dira eta euren ezaugarri nagusi den sendotasuna erakusteko gai izan dira. Bi euskal konposatzaileren abestiekin amaitu dute: euskarazko Bidasoa, Javier Bustorena, eta Josu Elberdinen Asturies, gaita eta guzti. Azken kantu honek jaso du goizeko txalo zaparradarik handiena.

Kammerchor Saarbrücken (Saarbrücken - Alemania)

Abesbatza alemaniar gehienek erakutsi izan duten seriotasun eta zurruntasun berberarekin abestu du Saarbrücken herriko abesbatzak. Euskaraz, Xabier Sarasolaren Neskatx' Ederra abestu dute. Koruko zuzendari den Georg Grünen Veni kantuarekin askatu dira gehien, piano, kontrabaxu eta bateriaren laguntzaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!