50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Mikrokosmosek txunditu, Kamer Korisek harritu

Mikel Iraola 2018ko aza. 3a, 10:03

Mikrokosmos atzoko saioko abesbatza esanguratsuenetako bat izan zen

Denetarik izan du hirugarren saioak, baina bi abesbatzen izenak zebiltzan, atzo, zaleen ahotan: Mikrokosmos eta Kamer Koris.

Schola Cantorum (Oslo - Norvegia)

Norvegiako jantzi dotoreek kolorea eman zioten atzo iluntzeko saioaren hasierari. Dotorezia hori musika arloan ere eman zen. Saio txukuna osatu zuen Schola Cantorumek, Tone Bianca Dahlen zuzendaritzapean, baina finalerako txartela lortzeko puntu bat gehiagoren faltan. Propio erabilitako doinu disonanteak maisuki erabili zituzten. Euskaraz, Xabier Sarasolaren Neskatx' Ederra abestu zuten.

ST. Jacobs Vokalensemble (Stockholm - Suedia)

Suediarrek txalo eta oinkadekin erne jarri zuten Leidor, lehen notatik. Hemen gaude! Indartsu hasi zen St. Jacobs, 2013. urteko lehiaketan lehen sari guztiak eskuratu zituen abesbatza. Egunduko potentzia eman zieten kantuei amaieraraino, sendoak, erraietarainokoak. Josu Elberdinen Izar Ederrak aukeratu zuten euskaraz abesteko.

Mikrokosmos (Vierzon - Frantzia)

Txundituta utzi zuen Leidor Frantziako Mikrokosmos abesbatzak, eszenaratzetik hasi eta azken notaraino. Orain arteko abesbatza gehienek erakutsitakoa erabat alboratu eta guztiz berritzailea izan zen Loïc Pierrek zuzendutako abesbatza. Abangoardiako doinuak izan zituen nagusi. Atrebentzia handiko apustua. Emaitza, ezin hobea: zutik amaitu zuen Leidor erdiak.

Abesti eta abesti artean ez zuten atsedenik hartu. Zazpi kantuak elkarren artean josi zituzten, perkusio tresnen doinu erritmikoak erabiliz, edo saxofoi sopranoaren doinu gozoekin. Euskaraz, Thierry Machuelen Ez dut ahaztu abestu zuten. Liluragarria azken abestia amaitzeko txorien hegakadak irudikatzeko egindako efektua. Ikusitakoa ikusirik, ez dirudi finalerako txartelak hegan egingo dienik.

The Salt Lake Vocal Artists (Salk Lake City - AEB)

Saio ona egin arren –benetan maila ona erakusten ari baitira aurtengo lehiaketan parte hartzen ari diren talde guztiak– estatubatuarrek ez zuten gainerako taldeek piztutako zirrara hori sortu. Mundu mailako bi estreinaldi eskaini zituzten, Pär Olofssonen The Temple Invisible eta Josu Elberdinen Make a joyful noise.

Kamer Koris (Riga - Letonia)

Atzo gaueko sorpresarik handiena Letoniako Kamer Koris gazteak eman zuen. Sicut Cervus lehen kantutik txalo zaparrada jaso zuen Aivis Gretersen taldeak, finalean egoteko hautagai nagusien artean sartu da.

Euskarazko bi kanturekin ausartu ziren, biak ala biak, Xabier Sarasolarenak: norvegiarrak jada abestutako Neskatx' Ederra, eta letoniera eta euskara nahasten dituen Veja Mate.

Bideoa: Mikel Blasco

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!