Animazioa fotogramaz fotograma lortzean

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko aza. 5a, 08:00

Topic zentroak aldizkako erakusketa berria du: 'Txotxongilo animatuak'. Animazioa sortzeko 'Stop-motion' teknika du oinarri. Presarik gabeko teknika da, pertsonaien mugimendu guztiei banan bana argazkiak atereaz lortzen dena. Erakusketa otsailaren 28a bitarte egongo da zabalik.

Tolosako txotxongiloen etxeak urrian ireki ohi ditu aldizkako erakusketak, baina hogeita batgarrena pixka bat lehenago zabaldu zuten. «Zinemaldiarekin batera egin genuen, Txotxongilo animatuak erakusketak zinemarekin lotura estua duelako», esan du Maria San Sebastian Topic museoaren eta dokumentazio zentroaren arduradunak. Topic-ek txotxongiloen munduan murgiltzeko aukera ematen du, baina ez bakarrik, eta horregatik antolatu dute erakusketa hori: «Txotxongilolaritzatik gertu dauden beste arte mota batzuen inguruan ere egiten dugu lan eta erakusketetan ere egin nahi diegu tokia. Zabaldu nahi duguna da txotxongilolaritza ez dela isolaturik dagoen zerbait, harreman handia duela beste diziplina batzuekin. Iaz Art Toys erakusketa izan genuen jostailu eta artelan diren objektuekin osatutakoa arte garaikidearen eta txotxongiloen arteko harreman horri buruz, eta aurten zinema eta Stop-motion teknika landu nahi izan ditugu».

Bildumak Stop-motion teknika erakusten du eta animazioa zein txotxongiloak batzen ditu, nolabait. «Stop-motion animazio teknika zinemarekin batera jaio zen, XIX. mende bukaeran. Garai horretan zineman animazioa lortzeko, txotxongiloak erabiltzen ziren. Harreman handia dago beraz, txotxongiloen, animazioaren eta zinemaren artean».

Txotxongiloei bizia emateko hainbat teknika daudela gogoratu du San Sebastianek; hariak, eskuak, makilak... baina bada besterik ere, eta hori da, hain justu, Topic-en erakutsi nahi dutena. «Panpin animatu hauekin ere eman ahal zaie bizia. Normalean plastilina edo gailu artikulatuak erabiltzen dira Stop-motioneko panpinak egiteko, eta mugimendua lortzeko panpinaren mugimendu guztiei argazkiak ateratzen zaizkie. Milaka argazki ateratzen dira, eta guztiak edukitzean bideoak editatzeko programa bat erabiltzen da argazki guztiak jarraian jarri eta mugimendu hori lortzeko».

Oso lan neketsua da, lan handia eskatzen baitu, eta xehetasun guztiak hartu behar dira kontuan, Stop-motioneko egileek horregatik dute euren burua, artistatzat. «Filmak egin izan dira, baina, batez ere, film laburrak egiteko edo publizitatean erabiltzen da. Marrazki bizidunak ere egiten dira, baina denbora asko behar da, diru asko inbertitu behar da... ez da erraza», esan du Topic-eko kideak.

Espainia mailan punta-puntakoak diren bi artistak egin dituzte komisario lanak, Lourdes Villagómez eta Coke Riobóok. Erakusketan euren lanak ikusi daitezke, baina baita Espainian animatzaile garaikide independenteen lan ugari ere, besteak beste, Isabel Herguera, Irene Iborra, Cristina Vilches, Sam Ortí, Virginia Curiá edo Marc Riba. «Komisarioek Los Animantes animazio konpainia dute eta beraiek izan dira beste artistekin hitz egin eta biltze lan hori egin dutenak. Stop-motion teknika ez da oso ezaguna, eta guk ez genuke jakingo zein lan eta zein artistarekin hitz egin, Lourdes eta Cokeren lana ikaragarria izan da zentzu horretan».

Zein artistarengana jotzea zaila bada, are zailagoa da piezak eskuratzea, oso hauskorrak baitira. «Plastilina edo buztinarekin eginak daude asko, eta horiek mantentzea oso zaila da. Lanetako batzuk duela hamar urte egindako filmetakoak dira eta egileek altxorrak balira bezala gordetzen dituzte. Horiek mugitzea eta hemen sei hilabetez edukitzera animatzea zaila da».

Animaziozko lanak aipatzerakoan haur eta gazteei zuzendutako lanak etorri ohi zaizkigu burura, baina San Sebastianek dio Stop-motioneko lanak ohikoagoak direla helduei zuzendutako lanetan. «Badaude haurrei zuzendutako lanak, baina helduenak dira gehiago. Tim Bartonen La novia cadaver oso ezaguna da, esaterako. Haurrei begira askok ezagutzen dute Shaun ardia marrazkia. Mundu horretan ez gaudenok ez ditugu asko ezagutzen, baina lan asko daude eta, batez ere, Espainiatik kanpo egindakoak dira ezagunak».

Stop-motionen barruan adar asko daude eta lagin bat eraman nahi izan dute Topic-era. «Plastilinarekin egindako panpinak dira, behar bada, ezagunenak, baina itzalekin ere egiten da eta hemen ere ikusi daiteke adibiderik. Itzalekin egindako lanetan txotxongiloa mugitu beharrean itzalak mugitzen joaten dira, mugimendu bakoitzean ateratzen dute argazkia eta denak bata bestearen atzean jartzean sortzen da mugimenduaren ilusioa».


Los Animantes taldeko Lourdes Villagomez eta Coke Rioboo Topic-eko aspaldiko lagunak direla esan du museoko arduradunak. «2016ko Titirijai jaialdian Cokek helduei zuzendutako animazio mota honi buruzko tailerra eskaini zuen, baina aurretik Aste Santu batzuetan ere egon zen eta orduan haurrei eskaini zien tailerra. Oso ondo moldatu ziren eta oso interesgarria izan zen».

Ez da antzinako zerbait

Erakusketa iraila bukaeran zabaldu zuten eta jada jende ugarik bisitatu duela esan du San Sebastianek. «Jendea, batez ere, teknika berarekin harritu da. Panpinak eta hainbat irudi ere badaude, eta horiek ere gustuko dituzte, baina teknika bera ezagutzean harritzen dira, batik bat. Orokorrean iruditzen zaigu antzinako zerbait dela eta gaur egun, jada ez dela horrelako teknikarik erabiltzen, modernoagoa den zerbait egiten dela. Eta egia da animazio gehiena ordenagailuen bidez eta egiten dela, baina oraindik bada eskuz egindako marrazkiekin egiten den animazioa eta noski, baita Stop motionekin egindakoa da».

Jarraitzaile asko dituen teknika dela dio San Sebastianek, baina ez dela publiko zabalera iristen ere esan du, eta horrelakoetan nahiko ohikoa den bezala Stop-motion teknikarekin lan egiten dutenen pasioa nabarmendu du: «Pasioz egiten du lan eta artistatzat dute euren burua».

Lan asko eta zehatza eskatzen duen animazio teknika da eta askotan ez du arrakasta handirik izaten, salbuespenak badaude, hala ere. Erakusketako Coke Riobóo komisarioaren El viaje de Said film laburrak Animazio Goya saria eskuratu zuen 2007an, eta Topic-en pertsonaia batzuk ikusi daitezke. Orain egiten ari den Mad in Xpain laneko zenbait pertsonaia, atrezzo eta dekorazio ere ikusi daitezke Tolosan.

Espainia mailan Stop-motion teknikari eskaintzen zaion lehen erakusketa da eta bidea ireki duela dirudi: «Hainbat animazio eta txotxongilo jaialditatik deitu digute eurek ere jarri nahi dutela esanaz».

Hainbat film labur, pelikula eta bestelako lanetako pertsonaia eta dekoratuez gain, pantaila handian film batzuetako zatiak ikusi ahal dira Topic-en, eta hiru pantaila txikitan lan nola egiten duten ere ikusi daiteke. Moldeak ere ikusi daitezke prozesua nolakoa den irudikatu ahal izateko.

Fitxa

  • Artistak. Isabel Herguera, Fernando Cortizo, Eduard Puertas, Irene Iborra, Anna Dolanas, Marc Riba, César Díaz, Sam Ortí, Virginia Curiá, Tomás Conde, Lula Gómez, Cristina Viches, Valle Comba, Asis Merino eta Coke Riobóo.

  • Noiz arte. 2019ko otsailaren 28a arte.

  • Ordutegia. Udazken eta neguan astegunetan 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, astelehenetan izan ezik, itxi egiten baitute. Eta larunbata, igande eta jai egunetan 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.

  • Gabonetako ordutegia. Abenduaren 21etik urtarrilak 6ra 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 19:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!