50. Tolosako Abesbatza Lehiaketako lehen egunean ikusitakoaren ondotik, zera ondoriozta daiteke boteprontoan: epaimahaiari zinez zaila izango zaiola igandeko lau finalistak aukeratzea.
Oraindik bigarren erdia falta da, beste zazpi abesbatza, baina lehen bi saioetako maila ikusirik, erabakia hartzea kostako da. Baita publikoaren saria hautatzea ere. Izan ere, gogotsu irten ziren ikus-entzuleak lehen saiotik, baina bigarrenak are beteago utzi zuen Leidorreko jendetza. Hasi da kinielen dantza.
I Vocalisti (Alemania)
Trinkoa, orekatua. I Vocalisti abesbatzak ohikoa zaien uniformetasuna erakutsi zuen, akaso zurruntasun handiegiaz. Abestera etorri ziren, eta kito. Hori bai, egindakoa, bikaintasunaren pare. Hans-Joachim Lustigek zuzenduta, kantu indartsuak interpretatu zituzten. Euskaraz kanatzeko Josu Elberdinen Cantate Domino aukeratu zuten. Aipagarrienetan aipagarriena, bakarlarien lana: bi nota batera abesteraino.
Landarbaso Abesbatza (Errenteria)
KUP Taldearekin batera, 50. urteurreneko lehiaketan parte hartu duen beste koru euskaldunaren parte hartzea ere esperotakoa zen. Jende ugari etorri zen Errenteriatik, beren senide eta lagunei babesa ematera. Eta ez zuen hutsik egin. Iñaki Tolaretxipik zuzendutako taldea bikain aritu zen, indartsu. Etxetik gertu ere bada kalitate handiko abesbatzarik.
Oreya (Ukraina)
Txapeldun izateko faboritoetako bat da Ukrainiako abesbatza. Eta etiketa hori ongi irabazia duela erakutsi zuen atzo, Tolosako Abesbatza Lehiaketaren historian puntuaziorik altuena lortu duen abesbatzak.
Mundiala atzoko saioa, perfekzioa urratuz. Errepertorioaren aniztasuna eta zaindutako afinazioa izan zituen ikur. Javier Bustoren Ametsetan kantatzean, Ukrainan bizi den euskaldun talde baten itxura eman zuen: hura bai ahoskera garbia.
Aurrez, On The Imber Mountain kantuarekin, une batez, txoriz betetako baso bihurtu zuten Leidor, publikoa ere zuhaitz artean zegoela pentsarazteraino. Eta badu meriturik horrek.
Umorez amaitu zuten saioa, Flight of the bumblebee abestiarekin. Eszenaratze bikainaz, eltxo bat hiltzerainoko gorabeherak ezin hobeto biribildu zituzten. Zutik amaitu zuen Leidorrek.
Kontutan hartzeko ezaugarri bakarra: denboraren muga pasa ote duten begiratu beharko, eta hala balitz, zenbaterainoko penalizazioa jasoko duen.
Batavia Madrigal Singers (Jakarta - Indonesia)
Ukrainarrek hasitako bideari jarraipena eman zion Indonesiako Bataviak. Hauek ere badute zeresana, eta argi utzi zuten daukaten teknika ikaragarria baliatuko dutela igandeko finalean izateko. Josu Elberdinen Segalariak ederra izan zen beren emanaldia hasteko. Soneto de la Nocherekin ere distira egin zuten. Amaieran Leidor barrez jarri zuten, Pal So Seong abestiarekin.