Kinokai Youth Choir Kanami (Tokio - Japonia)
Hiroki Fujiiren zuzendaritzapean, hasieratik muga oso goian jarri dute japoniarrek. Lehen lau abestiak segidan interpretatu dituzte, horrek eskatzen duenarekin, tonua hartzerakoan, esaterako. Doinuen indar eta bolumenean kontraste askoko kantuak eskaini dituzte. Scenes From Hiroshima kantuaren kaosa, esaterako, bikain islatu dute. Okinawan Sketches azken kantuarekin publiko artean barneratu dira, perkusio doinuez lagundurik, eta Leidor bete duen publikoa bereganatu dute.
Kup Taldea (Tolosa)
Etxeko abesbatza, KUP Taldea, izan da abesten bigarrena. Txalo zaparrada bero batez hartu ditu Leidorrek bertakoak. Txukun, afinazioz bikain eta seguru abestu dute tolosarrek, Gabriel Baltesek zuzenduta. Latinez, alemanez eta frantsesez abestu dute, silaba sendoenak bikain nabarmenduz, eta Luis de Aranbururen euskarazko Kitolis kantuarekin itxi dute beren tartea.
Arriskatu ere egin dute, eta beren estilo klasikoarekin apurtu nahi izan dute: «Koru klasiko gisa katalogatzen gaituzte, baina hori apurtu nahi izan dugu. Azken bi abestietan eszenatokian mugitu egin gara, eta horrek indarra eman dio gure emanaldiari. Askatu egin gara, eta publikoak ere beste modu batera jaso du», azaldu du Aitor Imaz, taldeko lehendakariak.
Pozik zen Imaz, beren emanaldia amaitu berritan: «Dagoen maila ikusirik, egotea bakarrik sari bat da guretzat. Une berezia izan da, Leidor beteta zegoela. Urte osoko lana plazaratu dugu, eta azken egunotan bizitakoa zurrunbilo bat izan da, baina oso kontentu gaude egindako lanarekin, eta jasotako iritziekin ere bai».
The Ateneo Chamber Singers (Manila - Filipinak)
Atsedenaldiaren ondoren Manilako (Filipinak) The Ateneo Chamber Singers igo da oholtzara. Filipinarrek ere maila bikaina eman dute, ondo orekatutako taldearen itxura emanaz. Nota altuenetan nabarmendu dira. Euskaraz ere ahoskera garbia izan dute, Josu Elberdinen Emezortzi Serore abestian.
Entrevoces (Habana - Kuba)
Habanako (Kuba) Entrevoces taldeak itxi du lehen saioa, eta kontutan hartzeko parte-hartzea izan du. Hasieran tonuari dagozkion akats txiki batzuk izan dituzten arren, gehiagora joan dira eta modu ezin hobean amaitu dute euren emanaldia. Javier Bustoren Soinuen Itsasoarekin bikain abestu dute euskaraz.
Doinu kubatar ezagunekin amaitu dute saioa, eta goia jo dute, epaimahaikide batzuk ere txoratzeraino. Fina Estampa kantuarekin lehen txalo zaparrada jaso dute, eta Digna Guerra zuzendariak publikoari begiratu behar izan dio eskerrak emateko. Qué manera de quererte, abestiarekin, berriz, zutik jarri dute Leidor. 50. Abesbatza Lehiaketa hasteko ezin gehiago eskatu.