Tolosako Udalak lan eskaintza publikoak egingo ditu datozen hiru urteetan

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 1a, 07:59

Udalbatzak aho batez onartu du, 'Enplegu Plana 2018-2020'ren lehen fasea

Tolosako Udalak aho batez onartu du, urriko ohiko osoko bilkuran, udaleko giza baliabideak arrazionalizatzeko planaren lehen fasea: Enplegu Plana 2018-2020 delakoarena. Besteak beste, prekarietateari aurre egitea eta garai berrietara egokitzea da administrazioaren helburua, datozen hamar-hamabost urteotan erretiroa hartuko baitute Tolosako Udaleko langile askok.

Olatz Peon alkateak eman zituen planaren inguruko azalpenak, zehaztuz, «prekarietatearen aurka» egin nahi duela udalak, legeak jartzen dizkien «mugen» barruan. Administrazioek gero eta erronka gehiagori aurre egin behar diela dio, bai administrazioa elektronikoki kudeatzeari begira, bai udaleko organigrama berritzeari begira. Eta, bide horretan, aldi baterako lanpostuak egonkortzea lehenetsi du Tolosako Udalak.

Izan ere, gaur egun, lanpostuen %39 dira aldi baterako postuak: «Eta beste zenbait zerbitzu etengabe kontratatzen ditugu». 2018ko aurrekontu legeak, ordea, aldi baterako kontratuen portzentajea %8ra jaistea eskatu die udalei, horretarako hiru urteko epea eskainiz; Enplegu Plana 2018-2020 da, horrenbestez, Tolosako Udalak egungo egoera aldatzeko baliatuko duen tresna.

Plan horrek fase bat baino gehiago izango ditu eta, alkateak argitu zuenez, udal langile, teknikari eta idazkariekin elkarlanean osatu dute: «Sailez sail bilerak egin ditugu, eta haien iritzia jaso, hornitu beharreko nahiz sortu beharreko lanpostuak identifikatzeko, eta harrera modu berriak prestatzeko. Sindikatuetako ordezkariekin ere hitz egin dugu, eta hitzarmen kolektiboa adostu».

Datozen 10-15 urteetan, Tolosako Udaleko langile askok erretiroa hartuko dutenez, enplegu plana egoera hori aurreikusteko modu bat ere izan da, Olatz Peonen arabera. Horrela, hainbat neurri zehatz jaso dituzte, onarturiko lehen fasean: «Lanpostu berriak sortzea eskatzen du egoerak: diruzaintza eta fiskalitatea, gardentasuna eta datuen babesa, kontratazio arloko teknikaria nahiz hirigintza eta ingurumen departamentuan».

Bide beretik, udalaren antolaketa garai berrietara egokitze horretan, planean zehaztu dute beharrezkoa izango dela, sozietate instrumentalen desegitea: Tolosa Lantzen eta Erretengibel sozietateak, beraz, desegin eta likidatu egingo dituzte, gero udalak bere gain har ditzan.

Lore Agirre EH Bilduko ordezkariak pozgarritzat jo zuen enplegu plana, nahiz eta, beren ustez, behin-behineko lanpostu zenbait «behar baino gehiago» luzatu. Euskaltegiko eta musika eskolako langileen egoera bereziari heltzeko beharraz ere ohartarazi zuen oposizioko kideak.

Horren harira, Olatz Peon alkateak zehaztu zuen, bi kasu horiei bigarren fasean helduko dietela, funtzioak zehazterakoan.

Horrenbestez, Enplegu Plana 2018-2020ren lehen fasea onartuta, Tolosako Udala lan eskaintza publikoaren egutegia zehazten hasiko da, hurrengo agintaldian lanpostuen berrikustea egiteko konpromisoa hartuz: «Hiru oposizio deialdi egingo ditugu, 2018, 2019 eta 2020an. Langileak dira udalaren aktibo garrantzitsuena, eta plan honek etxe honen etorkizuna nolabait diseinatzeko aukera eman digu».

BERAZUBI ESTADIOKO LANAK

2011. urtean sinatu zuten, Muñoa fundazioak, Tolosa CF-ek eta Tolosako Udalak, Berazubi estadioa eraberritzeko hitzarmena. Ordea, kontratazio publikoak egiteko modua aldatu egin da ordutik hona, eta Berazubi eraberritzeko aurrekontua ere igo egin da. Egoera horrek hitzarmen berri bat sinatzera behartu ditu hiru aldeak, «oreka mantentzeko». Modu horretan, estadioko bulegoaren eraikina eraberritzeko esleipen deialdia argitaratuko du udalak.

SENIDETZEA CHARLEVILLE MEZIERESEKIN

Txotxongiloekiko zaletasun eta lanketak lotzen ditu Tolosa eta Frantziako Charleville Mezieres, baina, duela zenbait hilabete, lanketa bat jorratzen hasi ziren bi herriak, senidetze hitzarmen bat sinatzeko.

Bi herrietako ordezkariek truke egina dute jada, elkar ezagutu eta akordioaren oinarriak lantzeko, eta udalbatzak asteartean onartu zuen, aho batez, senidetzea: kulturarekin batera, industria 4.0, 3D ekoizpen gehigarria, gastronomia, turismoa eta hezkuntza trukea jorratzea dute helburu.

EUSKALTZAINDIA TOLOSAN

Aurreko plenoan Inaki Irazabalbeitiak proposatu bezala, Tolosako Udalak adierazpen instituzionala aho batez onartu zuen, asteartean, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira.

Akademiaren ibilbidea eta jardun akademiko eta historikoa aitortzearekin batera, Tolosako Udalak euskara batuaren sorreran eta garapenean egindako lana aitortu nahi izan dio Euskaltzaindiari, eta herritarrak deitu dituzte mendeurren ekitaldietan parte hartzera.

Horrez gain, ordea, Tolosako Udalak proposamen zuzena egin dio akademiari, mendeurren ospakizunetako hitzorduetako bat Tolosan bertan antola dezan.

'MONARKIARIK EZ DUGU NAHI'

Gai zerrendaz kanpo, urgentziaz, EH Bilduk eta EAJk Monarkiarik ez dugu nahi izeneko mozioa aurkeztu eta onartu zuten. PSE-EEko zinegotziak aurka egin zuen.

Kataluniako parlamentuak ebazpen bat onartu zuen, Felipe VI.ak iazko urriaren 1aren bueltan hartutako jarrera gaitzetsiz, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ebazpen hori auzitegi konstituzionalera eramateko asmoa azaldu du. Monarkiarik ez dugu nahi mozioarekin, Sanchezen jarrera adierazpen askatasunaren aurkakotzat jo zuen udalbatzak.

GALDE-ESKAERETAN, MUBIL ETA TURISMOA HIZPIDE

Galdera eta eskaeren txandan, Igor Ezenarro EH Bilduko zinegotziak salatu zuen, Tolosa Goxua iragartzeko irratiko iragarkietan, Explore San Sebastian Region eta Basque Country erdaraz erabili izana. Olatz Peon alkateak eta Nerea Letamendia zinegotziak argitu zuten, foru aldundiko turismo sailak hartutako erabakia izan dela, eta diru laguntzak jasotzeko «ezinbestekoa» dela lelo horiek iragarkietan azaltzea.

Bestalde, Inaki Irazabalbeitiak Mubil proiektuari buruz galdetu zion alkateari, aldundiak eta jaurlaritzak elektromugikortasuna garatzeko Gipuzkoan sortu nahi duten zentroaz. Irazabalbeitia zalantzati azaldu zen, bi administrazio horiek Tolosaldean inbertsioak egiteko izan lezaketen asmoaz. Horri, Peonek honakoa erantzun zion: «Neroni aurreratu nintzen, eskualdea Mubil garatzeko proposatuz, eta Tolosaldea horregatik dago zerrendan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!