[Gutuna] Bonberenea

Ander Auzmendi Perez de Lazarraga 2018ko urr. 31a, 09:59

Bonbereneako agenda begiratzeko ohitura hartua dut aspaldidanik. Azken urteetan kontzertu asko ikusi ditudan arren, buru txarra daukat gauza hauetarako, eta ez ditut normalean taldeak izenagatik ezagutzen.

Batzuetan, gerturatu eta: «Aiba! Hauek aurretik ere ikusiak nituen!». Bestetan ez, bestetan soinu berriak izaten dira, ezezagunak, gehiago edo gutxiago gustatu arren, interesgarriak beti. Ondo pasatzeko aukera, beti. Askotan errepikatu dut eta ez naiz nekatzen, luxu hutsa da Bonberenea bezalako etxe bat Tolosan edukitzea.

Pettiren kontzertua izan zen azkena, Durangoko Azokari begira zuzenean grabatzeko aprobetxatu zutena. Hau bai, ezaguna eta maitatua, euskal bluesman ikusgarria. Bikaina izan zen emanaldia.

Han zebiltzan, beti bezala fin, Bonbereneako lagunak. Kontzertua primeran ikusi eta entzun zedin lanean, gerturatu ginenei Bonbeer bat zerbitzatzeko prestu. Han jarraituko zuten ordu txikiak arte emanaldia bukatzean ere, dena txukundu eta biltzen. Eta hurrengo egunean berriz han, etxean beti baitago egitekoa, lana ez baita inoiz bukatzen. Eta jarrai dezala etxeak lana ematen.

Ezagutu nuenetik, hamar bat urtetik hona, lauzpabosgarren gazte belaunaldia izango da lanean ari dena, hogei urtera iristen ez den neska-mutil taldea. Betiko gidariekin, hori bai; gazteak gazte dira, eta eskarmenturik gabeak, ez baita jakinda jaiotzen. Iritsitakoan ez dute asko jakingo kontzertuak antolatzeaz, soinu edo argi mahai bat lehen aldiz ikusiko zuten askok Bonberenean. Erratzak bai, erratzak ezagutuko zituzten, baina askok eskuan hartu ere gutxitan, seguruena.

Hori dena eta askoz ere gehiago ikusteko eta ikasteko parada dute bertan. Bonberenea eskola bat baita, Tolosaldeko gazteei erantzukizuna zer den ikasten joateko aukera ematen dien eskola miresgarria. Izan ere, bat baino gehiago dira Bonbereneako eskolan hasi eta ogibidea bide horretan aurkitu dutenak. Lokal zikin eta ilun batean denbora pasa egon beharrean, nahiko nuke nire alaba-semeak urte batzuetan Bonberenean lanean ikustea. Irakasle onak ditu han ikasteko gogoa duenak. Tolosan bizitzeaz pozik egoteko arrazoirik baldin badut, horietako bat Bonberenea da, dudarik gabe. Mila esker posible egiten duzuen guztioi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!