'Itsaspeko bihotzak', haurrentzako literatur aretoa Tolosan

Iker Larrañaga 2018ko urriaren 30a

Haurrei zuzendutako literatur aretoa martxan jarriko dute azaro hasieran; irakurzaletasuna eta berdintasuna lantzea du helburu.

Itsaspeko bihotzak literatur aretoa azaroaren 5etik 9ra, 17:00etatik 19:00ak arte, bisitatzeko aukera egongo da Tolosako Haur Liburutegiko azken solairuan.

Tolosako Udalak Galtzagorri elkartearekin antolatutako ekimen honek, euskarazko irakurzaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna landuko du. Liburutegiko arduradunek areto hau "erabat berritzailea" dela diote, ez baitago haur literatura baliatuz genero berdintasuna lantzen duen besterik. Literaturaz gain, besteak beste, ilustrazioak, ikus-entzunezkoak eta artisautza tartekatuko dituzte. Bost gune egongo dira, bakoitzean eduki ideologiko bat landuko da. Gune horietatik egingo den literatur ibilbidea, Sexismorik gabeko irla gunean amaituko da, genero berdintasuna landuko dute bertan.

Lehen aldiz ekarriko da ekimen hau Tolosara, eta ikastetxeentzat saio gidatuak antolatu dira, 8-11 eta 12-14 urte bitartekoei zuzendutakoak. Haur liburutegira gerturatzen den orok aretoaz disfrutatzeko aukera izango du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!