Santa Klara komentuko ateak, zabalik

Ataria 2018ko urriaren 30a

Argazkiak: Tolosa Turismo

Tolosako Turismo sailak Santa Klara komentuko txoko ezezagunen argazki bilduma bat argitaratu du.

Klausurako moja klaratarren komentura sartzea ezinezkoa da gaur egun, baina udaleko Turismo sailak barrura sartzeko baimena izan du, eta XVII. eta XVIII. mendeen artean eraikitako komentuaren txokoak ezagutarazi ditu argazki bidez.

Eraikinaren jatorrizko egitura mantendu da, hala ere, eta zaharra izan arren, egoera bikaina du. Sartu bezain pronto lore eta landarez betetako patio bat dago. Bertan igarotzen dituzte ordu asko mojek, euren lanak egiten. Eraikinaren atzealdean ere baratze handi bat dute, kontsumo propiorako. 

Komentuko eliza da publikoari zabaltzen zaion txoko bakarrenetako bat. Akustika nabarmendu izan dute adituek, eta hastear den Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako abesbatzen eskariak jasotzen dituzte, bertan abesteko.

Historia handiko komentua da Santa Klara. Frantziako tropek okupatu zuten eraikina, eta Independentzia Gerra eta Karlistada garaian, erietxe militar modura erabili zuten. Hildako soldaduen gorpuzkiak aurkitu zituzten, gerora, inguruko lurretan lurperatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!