«Espedizioa pauso txiki bat izango da, pixkana urrats gehiago emateko»

Iñigo Terradillos 2018ko urr. 28a, 11:23

Edurne Pasaban (Tolosa, 1973) mendigoizalea proiektu berri batean murgilduta dago. Ez du zortzimilako gailurrik egingo kasu honetan, baina, tamaina handiko tontor bat igotzea aurreikusten du ekimenak. Nepalen ari da burutzen proiektua eta bertako lau emakumerekin batera igoko du mendia. Ekimenaren bitartez, «bertako emakumeek bizi duten egoera salatu eta gizarteratu» nahi dute, eta horrekin batera, «euren kontzientzian eragitea» lortu nahi dute. Espedizioari ekin aurretik TOLOSALDEKO ATARIA-n izan da tolosarra proiektuaren nondik norakoak azaltzen.

Nepal eta bertako emakumeak, hori da proiektuaren funtsa.

Hori da. Nepal hego-mendebaldeko zonaldea da, hain justu emakumeen bizi baldintzei begira larriena. Esan daiteke duela hainbat mende atzetik bizi direla, ez dute ezer aukeratzeko eskubiderik, eta espedizioa horren atzean dago. Hango emakumeen egoera salatu nahi dugu, eta egoera horri aurre egiten laguntzeko lehenengo pauso bat eman.

Proiektuak bertako lau emakumerekin mendi bat igotzea eta dokumental bat egitea aurreikusten du.

Nepaleko zonalde horretako pertsona bat harremanetan jarri zen han daukadan fundazioarekin. Elkar ezagutzen genuen, eta deitu egin zidan bere ideia kontatzeko. Bertako emakumeen egoera kontatu nahi zuela azaldu zidan, eta horretarako espedizio bat burutu nahi zuela.

Inguru horretako emakumeek, esan bezala, ez daukate inongo eskubiderik. Erlijioari lotutako ohitura oso trinkoak dituzte. Ohituren artean, esaterako, bada bat oso deigarria eta ikaragarria dena: Chaupadi izena du; emakumeak, hilerokoa etortzen zaienean, etxetik botatzen dituzte, eta txabola batzuetan egoten dira, animaliekin, hilerokoa amaitu arte. Txabola horretan oso egoera gogorrean egoten dira, eta emakume batzuk ez dute jasaten eta hil egiten dira. Gisa honetako egoerak errepikatzen dira zonalde horretan. 14 urterekin ezkondu egiten dira emakumeak, eta orokorrean, gurasoek aukeratu eta prestatutako ezkontzak izaten dira, eta 15 urterekin ama izaten dira emakume edo neska hauek. Orduan, haurren zaintza izaten da euren egiteko nagusia, lanik ezin baitute egin, gaizki ikusia dagoelako emakumeentzat. Gizonaren menpe bizi dira, ez dute ia eskubiderik emakumeek. Haurrak izatean semeak izatea da garrantzitsuena beraientzat, eta alabak baino ez badituzte mundura ekartzen, emakume horrek balioa galtzen du, eta gizonak beste emakume batekin ezkontzeko eskubidea du. Nolabait emakume horrek gizon horrekin egoteko eskubidea edo maila galduko balu bezala. Herriak ere baztertu egiten ditu semeak izaten ez dituzten emakumeak.

Bada, horri guztiari aurre egiteko bidean, pausotxo bat ematea du helburu proiektuak, jakitun baikara horrelako gizarte batean aldaketak ematea ez dela erraza. Gure asmoa da herrialde desberdinetako emakumeekin osatzea espedizioa, eta nirekin batera Ameriketako Estatu Batuetako hiru emakume izango gara, bertako lau emakumerekin. Erakutsi nahi duguna da, badela beste bizitza bat, emakumeok aukeratu dezakegula, ama edo emazte noiz izan gure esku dagoela.



Bertako lau emakumeen aukeraketa nola izan da?

Inork ez zuen horrelako espedizio batean parte hartu nahi. Familiak ez zien parte hartzen uzten, eta euren artean ere ez dago ondo ikusia emakumeek horrelako zerbait egitea. Ez da erraza izan. Beraiekin 7.000 metroko mendi bat igotzea da ideia. Saipal izena du mendiak eta eskualde horretan dagoen mendirik altuenetarikoa da. Erronka hori gaindituta inguruko herrietako biztanleei erakutsi nahi diegu emakumeek ere, nahi badute, eskalatu dezaketela. Euren sinesmenek diotenez, jainkoak bizi dira mendi haietan, eta emakumeek ezin dute haietara igo hilerokoa etortzen zaienean purutasuna galtzen dutelako. Mendira igotzen badira herriari eta familiari zorte txarra ekarriko diotenaren ustea dute. Pentsatzen dugu gure espedizioa pauso txiki bat izango dela, hortik aurrera pixkana urrats gehiago emateko.

Nolabait bertako emakumeen kontzientzian edo eragitea bilatzen duzue.

Nahiko genuke hango emakumeak konturatzea zer edo zer egin daitekeela, ohitura horiek apurtu eta erabakiak har ditzaketela. Proiektuaren bukaeran dokumental bat egingo dugu, eta horrela, hango egoera erakutsiko dugu hona etortzen garenean. Izan ere, Nepaleko zonalde hori ezezaguna da, eta horrela, egoera erakusteaz gain, ingurunea ezagutaraziko dugu. Zonaldea turismoari irekitzea da ideia, trekkingak eta, inguru horretan ere antolatzea da asmoa, eta espedizioan parte hartuko duten emakume horiek beraien trekking agentzia txikia ireki eta kudeatzea.

Zuk ederki ezagutzen duzu Nepal. Urteak dira bertako lurrak lehen aldiz zapaldu zenituenetik.

Bai, urte asko. 1998an joan nintzen lehen aldiz. Uste nuen guztia ezagutzen nuela eta asko ikusi nuela bertan, baina, konturatu naiz oraindik ere asko dudala ezagutzeko eta ikasteko. Zortzimilakoak egiten eta mendiak eskalatzen ibili garenean ezagunagoak diren bailaratan izan gara, eta denborarekin ikusi dugu badirela hainbat zonalde egoera kezkagarrian daudenak.

Bailara horiek, mendiek, bertako jendeak... harrapatu zintuztela kontatzen duzu.

Gehien bat bertako jendeak. Lehen aldiz joan nintzenean 24 urteko neska gazte bat nintzen. Himalaian hasten ari nintzen, inork ez ninduen ezagutzen, ez han eta ez hemen, eta lehenengo unetik bertako herritarrek harrapatu egin ninduten. Beraien etxeak ireki zizkidaten eta ikusi nuen daukaten gutxi hori ematen dizutela. Ordutik, nire bigarren etxea dela esaten dut, hango jendeak beste mundu bat ireki baitzidan. Egia da bertako mendiak ikusgarriak direla, baina handik itzultzean jendeak bertako herritarrak nabarmentzen ditu.



Noiz izan zara azkenekoz?

2011. urtean egin genuen azken espedizio handia, eta ordutik beste mendi batzuetan izan naiz bertan eta baita nire fundazioagatik ere. Haurrei hezkuntzarekin laguntzen dien fundazioa sortu nuen han, eta arrazoi horrengatik askotan izan naiz. Nepalekiko lotura hori ez dut galdu.

Zein da fundazioaren egitekoa?

Bertako gaztetxoekin egiten dugu lan. Aukerarik ez duten gazteek ikasketak izan ditzaten egiten dugu lan. Katmandun eskola bat daukagu, eta une honetan 100 haur daude bertan. Haur horietako asko mendietan dauden herri txikietakoak izaten dira. Ikasketak edukitzeko ez dute aukerarik izaten eta fundazioaren bitartez unibertsitatera bitarteko ikasketak izatea lortzen dugu. Hezkuntzaren bitartez eta txikitatik, hori da gure ustez, horrelako herrialde bati laguntzeko erarik onena.

Nondik sortu zen fundazioa sortzearen ideia?

Nik banuen zor moduko bat herrialde honekin eta bertako jendearekin. Lehenengo unetik etxean bezala sentitu naiz han, eta bertako jendeak asko lagundu dit. Nik beti esaten dut, hamalau zortzimilakoak ezin izango nituela egin nire taldea alboan izan ez banu, Asier, Ferran eta gainerako taldekideak izango ez banitu. Baina, nepaldarren laguntza gabe ere ezinezkoa izango litzateke. Zor bat bazegoen beraz, eta ni eta beste mendizale batzuk fundazioaren ideia garatzen hasi ginen. Pixkanaka ari gara lanean, pauso txikiak ematen, ahal dugun neurrian laguntzen.

Murgildu zaren proiektura itzuliz, azaro hasiera jarri duzue espedizioaren itzulera eguna.

Azaroaren 9an bueltatu nahi dut. Gaur egun ez nago lehengo egoera berean, eta gehiago kostatzen zait horrelako proiektuei ekitea. Lehen, berriz, bi hilabete etxetik kanpo egotea ez zitzaidan hain zaila egiten.

Zure egoera pertsonala aldatu egin delako.

Bai. 18 hilabeteko semetxo bat daukat, eta lehenengo aldia da hainbeste denbora igaroko dudana bera gabe, eta hain urrun, gainera. Beraz, ez dakit nola sentituko naizen ere. Asko bidaiatzen dut, eta askotan egokitzen zait 3-4 egun etxetik kanpo egotea, baina, kasu honetan, beldur pixka batekin noa. Nepalen, gainera, hainbeste haur topatzen dituzu, ziur semearekin oroituko naizela. Hilabete bat igarotzea espero dut, baina, ikusiko dugu espedizioa nola doan. Azkenean gerta daiteke egun batzuk mugitzea itzulerako data.

Zu iristerako Nepalen entrenatzen aritu dira lau emakumeak, ezta?

Bi hilabetez edo aritu dira entrenatzen. Emakume hauek ez dira mendizaleak, ez dituzte inoiz kranpoi batzuk jarri, ez dakite zer den rapelatzea, eskaladako materiala ez dute ezagutzen, eta sherpa talde batekin egon dira ikasten. Hori bai, altuerara ohituta daude, eta hori oso garrantzitsua da, ez dutelako egokitu beharrik izango. 19-26 urte bitarteko lau neska dira, gazteak. Tira, gazteak guretzat, izan ere, 45 urte arteko bizi itxaropena dute han, beraz, haientzat ez dira hain gazteak. Beraz, ikusteko dago nola moldatzen diren. Normalean nepaldarrak oso gogorrak dira, baldintza gogorretara ohituta baitaude. Baina, gisa honetako mendi bat igotzea ez da erraza.

Aukeratu duzuen gailurrak ere badu esanahirik.

Agian, gisa honetako proiektu bat egiteko mendi errazago bat aukeratu genezake, baina, ez genuen hori nahi. Gailur hori eskualde horretan garrantzitsua da. 7.000 metroko garaiera du, eta nire ustez pauso edo aldaketa sozial bat ematea helburu duen proiektu batean erronka handi bat gainditzea esanguratsua izan daiteke. Mendiak igoera desberdinak baditu, eta nondik igo aztertzen egon garen arren geure zalantzak ditugu. B kanpalekura iristean argitu ditugu. Historian lau aldiz baino ez dira igo tontor horretara, beraz, ez dugu erreferentzia handirik. Badakigu frantziar batzuk igo zutela, eta jarri gara beraiekin harremanetan informazioa eskatzeko. Baina, ez dugu gehiegirik. Han argituko ditugu gure zalantzak, eta emakumeek mendian esperientziarik izan ez arren, badakit gaindituko dutela erronka. Gogotsu daude eta sendoak dira. Beraiek oso argi dute zergatik ari diren parte hartzen, eta indar horrek lagunduko die aurrera egiten.

Nolako oihartzuna izango du han guzti honek?

Badakit bertako turismo bulegoak ados daudela espedizioarekin, eta bertako hainbat herritarren babesa jaso dugu, baita gobernuaren onarpena ere. Orain ikusteko dago gizarteak nola erantzuten duen. B kanpalekura iritsi bitarte trekkinga egiten egongo gara bailarako herrietan, eta ziur kontrako eta aldeko jarrerekin egingo dugula topo. Beste bailara batzuetan, Everestera joaten direnean edo Makalura esaterako, herritarrak ohituta daude espedizioekin. Hemen, ordea, espediziorik ez da ia egiten, eta bertako lau emakumerekin, gainera. Oihartzuna, beraz, izango duela iruditzen zait. Ea, beraz, espero dugun adinakoa izaten den.

Azaro hasiera jarri duzu itzulerako data. Emaitza noiz izango da ikusgai?

Material guztia ekarri, eta hiru hilabeteren buruan zerbait izatea da nahia eta asmoa. Martxorako edo dokumentala prest izatea aurreikusten dugu. Gidoi batekin goaz hara, han material guztia jaso, eta gero hori dena muntatu beharra dago. Dokumentala mendi jaialdietara eramatea ari gara pentsatzen, baina, hori guztia materiala daukagunean ikusi beharko dugu. Espedizioarekin hasi aurretik ari gara irudiak hartzen. Emakumeen egunerokoaz, euren bizimoduaz, inguruneaz... Eta, orain arte jasotako irudiekin oso gustura gaude. Gaiak indar handia du, baina, dokumental batean aurkeztea ez da hain erraza. Gero hizkuntzaren muga ere hor dago, itzultzaileen bitartez komunikatu beharra baitaukagu beraiekin. Agian, elkar ulertuta errazagoa izango litzateke eurengana gehiago gerturatzea. Hori bai, oso ausartak eta jatorrak dira, eta ziur asko ikasiko dugula elkarrengandik.

Nepaleko emakumeen egoera salatzea eta bertako emakumeengan kontzientzia piztea da proiektu honen helburu nagusia. Hamalau zortzimilakoak igotzen lehen emakumea zara. Badakizu zer den emakumeentzat 'ezohiko' den ingurunean aritzea.

Gure mundua mutilen edo gizonen mundu bat izan da, beraz, emakumeentzat ez da izan erraza. Hasten zarenean, kontuan hartua izateko, gehiago erakutsi behar izaten duzu, nolabait gai zarela frogatu behar duzu. Nire kasuan, mutil talde batekin espediziora joaten zen neska gazte bat nintzen, eta emakume izateagatik hainbat gauzei aurre egitea egokitzen zaizu. Maiz gertatu izan zait esertzea eta nire buruari esatea egiteko gai naizela. Pentsa, niri hori gertatu bazait Nepaleko zonalde honetako emakumeentzat are eta zailagoa da egoera.

Emakume izateari ama izatea gehitzen badiogu?

Hangotarrek ikusiko dute nire adineko emakume bat tamaina horretako mendi bat igotzen. Eta, gainera, ama dena, eta bere haur txikia etxean utzita hori guztia egin duena. Eta, hori, berak aukeratuta. Berak aukeratuta umea izatea, 45 urterekin 18 hilabeteko seme bat izatea, norekin edukitzea, mendira igotzea edota lan egitea. Berak aukeratu duela nolako bizitza izan nahi duen. Uste dut horrek guztiak asko harrituko dituela hangotarrak, eta zer pentsatua emango diela.

Zure kasuan, ama izateko aukera ez da hain erraza izan.

Orain inoiz baino argiago ikusten dut. 31-32 urte nituenean krisi modukoa izan nuen. Kirola egiten ari nintzen, zortzimilakoak egiten, gustura, baina, ama izan nahi nuen. Nire barruan borroka moduko bat hasi zen. Gainera, gizarteak adin batetik aurrera eskatu egiten dizula dirudi, orduan dela une egokiena pentsarazi arte. Azkenean, hor barruan daramazun kontu bat da, eta gainera, ezin duzu luzatu, emakumeok muga bat izaten baitugu seme-alabak izateko. Krisi hori izan nuen, eta aukeratu beharra izan nuen, edo mendiak eskalatzen jarraitu edo ama izan. Nire ingurukoek ulertu zuten, baina, niretzat gogorra izan zen aukeratu beharra. Orain ama naizela ditudan sentsazioekin konturatzen naiz zer den ama izatea. Orain Nepalen eta gisa honetako espedizio bat egitera noan honetan konturatzen naiz zer den. Ez da lehengo egoera bera, eta lehen ez bezala, orain badakit nire burua ez dudala lehen bezain beste arriskuan jarriko. Gauzak argi ikusten ez baditut ez dut aurrera jarraituko, eta horrela lasaiago geratuko naiz. Lehen, ordea, ez nuen izango atzera botatzen ninduen sentimendu hori.

Ez duzu lehen adina arriskatuko, beraz.

Ez, hori ziur. Lehen hamalau zortzimilakoak egiteko lasterketa moduko baten barruan ari ginen lehiatzen. Egin beharra zegoen, eta burutu arte ez zegoen amaierarik, ezin zen etsi. Orain, berriz, askoz ere lasaiago hartzen duzu dena. Orain konturatu naiz ezin izango nukeela haur bat izan, ama izan eta hamalau zortzimilakoak eskalatzen egon. Aukera, esan bezala, oso zaila izan zen, baina, uste dut horrela izan behar zuela. Nik aukera hori egin nuen, eta pentsatu nuen ama izateko denbora izango nuela gero ere. Mundu honetan guztia egiteko dago denbora bai, baina, ama izatearena ezin da gehiegi luzatu edo atzeratu. Geroz eta gehiago atzeratu orduan eta gehiago murrizten dira ama izateko aukerak. Dena den, esango nuke horretan ere desinformazio handia dagoela, eta uste oker asko. Egia da adin batetik aurrera nekezagoa izan daitekeela, baina, 40 urteren bueltan ama izatea posible da.

Ama izateak beste ikuspegi bat emango dizu horrelako proiektuak aurrera eramateko, ezta?

Bai. Izan ere, nik nire kirola eta mendia, eta mendiarekiko harremanarekin jarraitu nahi dut, baina, agian, beste alor edo ikuspegi batetik. Eta, egia esan, niretzat ez da esfortzu handia izan hori egitea, hau da, ikuspegiz aldatzea. Kirol honetan oso lehiakorrak garela dio jendeak, eta arrazoi izan dezake, baina, nik orain askoz ere era lasaiagoan hartzen dut dena. Nepalen burutuko dugun espedizioan, adibidez, oso argi dut edozein arrazoirengatik tontorra igotzea ez badugu lortzen ez naizela lehen bezala arduratuko. Ez da ezer gertatzen. Igotzen bagara primeran, eta igotzerik lortzen ez badugu, aurrera egingo dugu. Emakume batzuekin espedizio bat egitea da asmoa. Ahal den neurrian gure puntutxoa jarriko dugu han, emakume horiengan zerbait sortzea da asmoa, eragitea, trekking agentzia irekitzea eta zonaldea pixka bat mundura zabaltzea positiboa litzateke. Beraz, ea datozen urteetan zonalde hori eta bertako emakumeen egoera ezagutaraztea lortzen dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!