Sagarra eta parrila uztartuko ditu XXV. Tolosa Goxuak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 24a, 15:30

Tolosa Goxua azoka berezia hogeita bosgarrenez egingo dute, larunbatean, Tolosako Trianguloan; aurtengo gozo izarra Sugar tarta izango da, eta 4.000 banatuko dituzte

Perretxiko eta onddoek hasitakoari, gozoek jarraituko diote asteburuan, Tolosa Goxua azoka bereziarekin. Hogeita bosgarrenez, Tolosako gozogile guztiek bat egingo dute, Trianguloa plazan, eta gaur aurkeztu dute egitasmoa, Eceizaren lantegian. Aurtengo protagonista Sugar tarta pasteltxoa izango da eta, sagarra eta parrila uztartuz, 4.000 ale banatuko dituzte bertaratzen diren herritarren artean.

Tolosa Goxuak gozogintza artisaua errekonozitzeko eta plazaren erdigunera ateratzeko balio duela azpimarratu du, Olatz Peon Tolosako alkateak, azoka bereziaren aurkezpenean. Aldamenean izan ditu, gainera, Moira Eceiza Eceiza gozotegiko ordezkaria, Raquel Ibañez Ibañez-Gozona gozotegiko ordezkaria, Rafa Gorrotxategi, Jon Sorarrain Leioko-Gorosti gozotegi ordezkaria. Aurten efemeride asko suertatzen ari dela azalduz, alkateak gogora ekarri nahi izan ditu, X. Nazioarteko Gaurkotasun Soziopolitikoaren mintegia eta Tolosako 50. Abesbatza Lehiaketa: «Tolosa Goxua hogeita bosgarrenez ospatuko dugu eta, zergatik iraun du hainbeste? Bada, gozogileen parte hartze eta inplikazioagatik».

Peonen iritziz, Tolosa gozozaleen erreferentziazko gune bilakatu da urteotan guztiotan, eta hainbat ezaugarri zerrendatu ditu, baieztapena indartzeko: «Gozogile artisauak dira tolosarrak, eta bertako produktua egon izan da, beti, beren lanaren oinarrian. Horrek, zalantzarik gabe, kalitatea eskaintzen du, eta balio erantsia eskaintzen dio Tolosako gastronomia tradizioari».

Gozogile berriak, beste behin

Iazko Goxua azokaren harira, estreinakoz abiarazi zuten Gozogile egun batez egitasmoa: Tolosako ikastetxeetan gaztetxoei gozogintzaren oinarriak irakatsi eta transmititzeko proiektua. Joan den urteko arrakasta errepikatzeko gogoz, beraz, urriaren 17an eta 18an Laskorain, Samaniego eta Herrikide ikastetxeetako haurrak bisitatu zituzten herriko gozogileek. Moira Eceizak azaldu du, «harrigarria» dela gaztetxoen ilusioa: «Denek parte hartu nahi izaten dute, eta grina handia izaten dute gozogintzaz gauza ikasteko. Beren kezka bakarra da, ea nor aukeratuko ote ditugun azoka egunean gurekin gozoak prestatzen aritzeko, Eta, noski, ilusio horrek guri ere gure lanean jarraitzeko sekulako indarra ematen digu».
Izan ere, Tolosa Goxuak hiru atal izango ditu aurten ere. Batetik, ohiko azokako karpak hartuko du Trianguloa plaza, eta herriko gozogileen nahiz inguruko herrietakoek beren postuak jarriko dituzte, gozozaleen zorionerako.

Aldamenean, berriz, bi gune izango dira. Lehenengoan, Tolosako gozogileak eta ikastetxe bakoitzeko hiru haur aurtengo gozoa prestatzen ariko dira: Sugar tarta. Bertako produktuak eta tradizio gastronomikoak uztartu nahi izan dituzte eta, horrela, tartaleta eta kremadun oinarri baten gainean, parrilan erretako sagarra eta eztia jarriko dizkiote Sugar tarta pasteltxoari.

Gozoa hasieratik bukaeraraino egingo dute bertan eta, beraz, ikastetxeetako haurrak gozogileekin batera joango dira, azokako postuetara, sagarrak erostera. Gozoa prestatuko dute gero, eta eguerdian 4.000 pasteltxo banatuko dizkiete bertaratzen diren herritarrei.

Eta, Tolosa Goxua ez litzateke azoka berezi izango, lehiaketarik gabe. Sagar tarta lehiaketak hirugarren karpa hartuko du, beste behin, nobedade batekin: Elena Arzak, Eva Argiñano eta Imanol Zubelzurekin batera, ikastetxeetako bi gaztetxo ere epaile lanetan ariko dira, parte hartzaileen sagar tartak dastatzen.
Aipatzekoa da, bihar izango dela sagar tarta lehiaketan izena emateko azken eguna, eta bi modutara egin ahal izango da: 943 69 75 21 telefonora deituz, edo feriak@tolosa.eus helbidera mezua idatziz. Larunbatean, 09:30etik 10:30era bitarte eraman beharko dira, tartak, epaimahaiaren karpara.

 

Egitaraua

09:00-14:00. Azoka berezia.
09:30-10:30. Tartak aurkezteko epea.
10:00-12:15. Gozogileak ikasleekin elkartuko dira, eta Sugar tarta prestatzeari ekingo diote.
10:30-11:30. Epaimahaiak tartak dastatuko ditu.
11:45. Sari banaketa.
12:15. Pasteltxo banatzea.
12:15. Tolosa Kantari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!