'To know him' eta 'Los seis', zeinu hizkuntzako film lehiaketako sarituenak

Naiara Roldan de Aranguiz 2018ko urriaren 23a

Bederatzigarren edizioa borobildu berri du Gainditzenek, Tolosa-Goierriko Pertsona Gorren elkarteak, antolatutako Zeinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinemaldia.

Filmen proiekziorako eta baita sari banaketarako Topic aretoa hartu dute euren gain. Sari banaketa ekitaldian elkarteko arduradunak eta saridunak izateaz gain, Tolosako alkate, Olatz Peon ere bertan izan zen larunbat iluntzean.

Film labur onenaren saria Erresuma Batuko To know him lanarentzat izan da. Beste bi sari ere jaso ditu film honek: zuzendari onenaren saria, Ted Evans-en gidaritzapean, eta argazkigintza onenarena.

Los seis lanarek ere sari ugari poltsikoratu ditu: gidoirik onenaren saria jaso du Claudia Ayusok, emakume aktore onenarena Emma Vallejok, gizonezko aktore onenarena Oscar Campillok, eta zuzendari gazte onenaren saria Marcos Perezek. Horrez gain, publikoaren saria ere jaso du Madrilen sortutako lan honek.

C.O.D.A filmak ere sari bat eskuratu du, muntaia onenarena, Veru Rodriguezentzat. Horrez gain, aitortza berezia egin diete film horretan parte hartu duten Paula Garcia eta Marcos Paisi.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!