Garaipena, bi kolpetan

Ataria 2018ko urriaren 23a

Ander Uranga izan zen partidako golegile nagusia

Tolosa Eskubaloiak 36-30 irabazi dio El Pilar Maristasi, eta Usabalen galdu gabe jarraitzen du.

Usabalen, momentuz, ez du parekorik Tolosa Eskubaloiak. Etxean jokatu dituen hiru neurketak irabazi ditu Alex Noguesen taldeak, eta hori baliatzen ari da denboraldiaren lehen txanpa honetan, etxetik kanpo lortu ezin izan dituen puntuak konpentsatzeko.

Lehen zatiaren amaierara arte baino ez zion eutsi El Pilar Maristas taldeak. Hasiera orekatu baten ostean, 18. minuturako hiru goleko desabantaila (8-11) izatera iritsi zen talde urdina, baina sei minutuko tartean markagailua berdindua zuen (13-13).

Une horretan jo zuen Tolosak lehen kolpea. Atsedenaldira arteko denbora horretan lau egon egin zituen, eta bat bera ere jaso gabe irautea lortu zuen. 17-13.

Aldageletatik itzuleran eman zuen bigarren kolpea etxeko taldeak. Lehen gola Zaragozako taldeak sartu zuen, baina ondoren, urdinen defentsako lan onari esker, ia 12 minutuz golik egin gabe izan ziren. Denbora tarte horretan zortzi gol egin zituen Tolosak, hamaika goleko errenta lortzeraino (25-14). Erabakita zegoen norgehiagoka.

Apur bat lasaitu zen, orduan, Noguesen taldea eta Aragoikoek markagailuko tartea jaistea lortu zuten. Ez, ordea, urduritasuna sortzeko adina. Amaieran, 36-30.

Ander Uranga izan zen Tolosako golegile nagusia, 6 eginda. Eneko Zigandak eta Kepa Letamendik bosna egin zituzten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!