Kultur astearen amaiera boleibol txapelketarekin

Irati Saizar Artola 2018ko urriaren 21a

Patxi Aguiar eta Fernando Tapia izan dira 2X2 boleibol txapelketako irabazleak. Bi asteburu luzez antolatutako kultur asteari amaiera emango diote gaur San Esteban auzoan. 

San Esteban auzoko kultur astearen harira antolatu dute 2X2 boleibol txapelketa. Goizean jokatu dira finalerdiak eta finala. Finalerdiak jokatu ostean, hirugarren eta laugarren postuak jokatu dituzte Itsaso Garrido eta Eli Rodriguezek, Jon Ander Olivan eta Bittor Fernandezen aurka. Set bakarrera jokatu dute partidua eta Garrido eta Rodriguez izan dira hirugarren postua lortu dutenak, 22-20ko emaitzarekin. 

Finala, berriz, Fernando Tapia eta Patxi Aguiarek jokatu dute Mikel Larrea eta Asier Pagolaren aurka. Lehen jokoa irabaztea lortu dute Larrea eta Pagolak (21-12), baina hurrengo biak Tapia eta Aguiarrentzat izan dira, 17-21 eta 13-15. Beraz, txapeldun izan dira Tapia eta Aguiar.

Finala amaitzean, auzoko txarangarekin kalejira egin dute auzoan, eta babarrun jatea egin dute ondoren. Bazkalostean, Joxe Mendizabalen eskutik dantzaldia eta karaokerako aukera izango dute. Tartean, toka txapelketa egingo dute, eta datorren urtera arte agurtuko dute kultur astea. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!