Casino Elkarteak irabazi du Mikologikako pintxo lehiaketa

Mikel Iraola 2018ko urr. 20a, 15:17

Zazpi elkarte gastronomikok hartu dute parte Mikologikako VII. Pintxo Lehiaketan. Casino Elkarteko Jose Luis Garmendiak eta Joseba Basagoitiak egin dute pintxorik onena.

Perretxikoz betetako baso erraldoi baten modura jantzi da, gaur goizean, Trianguloa Plaza. Alde batean, inguruko elkarte gastronomikoen arteko pintxo lehiaketa, perretxiko mota ezberdinen erakusketa alboan, eta jatetxe hainbatek prestatutako pintxo dastaketa bestean. Nahieran.

Pintxo lehiaketa larunbat goizera pasa dute, estreinakoz, atzo iluntzeko Txanpi On Fest jaialdiarekin bat egin ez zezan. Hura ere arrakastatsua izan zen, jendetza bildu baitzen Naparzubiaren inguruan. Itzela giroa.

Zazpi elkartek hartu dute parte lehian: Txinparta, Oargi, Gure Txokoa, Xepla, Batasuna, Arsenal eta Casino. Hain zuzen, Mikologika azoka antolatzen duen elkarteko bikotea izan da garaile, Casino elkarteko Jose Luis Garmendia eta Joseba Basagoitia. 

Zinez ikusgarria izan da bi sukaldariek sortu duten pintxoa. Pintxoaren oinarria onddo puskekin, arrautzen zuringoarekin eta trufarekin egindako onddo krema bat izan da. Gainetik gorringoa jarri diote, eta onddoen txapelarekin estali dute gero. Hiru egunez gatzetan eta azukretan izan dituzten gorringo zati xehetuak gehitu dizkiote gainetik.

Eta ginga modura, kez betetako edalontzi batekin estali dute pintxoa. «Basoko behe-lainoa irudikatu nahi izan dugu. Zuhaitzen egur zatiak erre ditugu ke hori sortzeko, eta edalontzia zabaltzean, basoaren usaina etortzea zen gure asmoa», azaldu du Garmendiak. 100 euroko saria eta txapela jaso dute.

10 puntuko aldea atera diote bigarren sailkatu den Txinparta elkarteari. Hirugarren, berriz, Gure Txokoa elkarteko bikotea izan da.

Erakusleiho lehiaketako sariak banatu dituzte segidan. Atzo jakinarazi zituzten saridunak: Publikoaren saria Korreo Kaleko Anddare dendarentzat izan da. Sari nagusia, berriz, Kale Nagusiko Kimetz saltokiak irabazi du. Bide batez, sarien jabe izan direnei eman dizkieten txapelak egin dituen Boinas Elosegi enpresari ere esker ona adierazi dio Casino Elkarteak, urteotan bidelagun izateagatik.

Bien bitartean, orotariko pintxoak dastatzeko aukera izan da inguruko taberna eta jatetxeei esker: perretxiko nahaskia, txahal-tripakien erregosia, esnegorri eta urdaiazpiko pistoa, onddo eta patata menestra, ziza hori kurruskaria, onddo risottoa... Zein baino zein goxoagoak guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!