Berritzea, zahar izaten jarraitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 19a, 13:00

Gipuzkoan Eginak egitasmoa aurkeztu du, foru aldundiak, Tolosako Topic zentroan; garai berrietara egokitzen asmatu duten enpresak izan dituzte ardatz ekitaldian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela urtebete inguru ekin zion Gipuzkoan Eginak proiektuari, herrialdeko industriaren "iragana, oraina eta geroa" aztertzeko asmoz. Horrela, atzo Tolosan eginikoa bosgarren hitzordua izan zen eta, industria jarduera garai berrietara egokitzeko moduetan, Boinas Elosegui, Cadinox eta Panelfisa enpresak izan ziren. Enpresa horietako ordezkariekin batera, ekitaldian izan ziren Olatz Peon Tolosako alkatea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Industriak Tolosan eta Tolosaldean duen pisua zenbakitan eskaini nahi izan zuen, Olatz Peon alkateak. Horrela, azaldu zuen Tolosaldeko enpleguaren banaketan industriak %30eko indizea duela, eta handiagoa dela bigarren sektoreak sortzen duen aberastasuna: "Eskualdeko aberastasunaren %50 sortzen du industriak; gainerako sektoreen gurpila da. (...) Gainera, Tolosaldea Gipuzkoako hirugarren eskualde industrialena da, Goierriren eta Debagoienaren atzetik. Horrelako errekonozimendua merezi dute, eta erreferentzia izan behar dute".

Bere aldetik, Markel Olano ahaldun nagusiak industriaren eta kulturaren arteko lotura izan zuen hizpide: "Gure industria tradizioa Erdi Arotik dator, burdinolen garaitik eta, beraz, industria gure kulturari erabat lotua dago; ezin dugu galdu". Halaber, enpresariek eginiko apustuei ere azpimarra jarri zien: "Industrian ez da inprobisatzen, gauzak aurrez landu behar dira. Zuek ausartak izan zarete, eta guk babestu egiten dugu, gero, zuek egindakoa".

Krisia indargune

Ikus-entzunezko batek ireki zuen saioa, eta Naiara Imaz ingeniaritza mekanikoko ikasle tolosarrak gidatu zituen, ikusleak, Tolosako historian eta hiru enpresa horietan barrena. "Enpresak barrutik ezagutzeko aukera eskaini dit grabaketak, eta jendeak oso harrera ona egin zigun. Egia esan, bizitza profesionala urrun ikusten dut oraindik, baina, lanera kanpora joan beharko dugula hainbeste entzuten dugun arren, ikusi dut, hemen, Tolosan, badela etorkizuna; gustura geratuko nintzateke".

Panelfisa izan zen enpresa berritzaileen adibideetan lehena, eta Satur Ormazabalek eman zituen beren jardunari buruzko azalpenak. Duela zenbait urte izandako krisialdia baliatu zuten, enpresa-eredu aldaketa batekin proba egiteko eta, orduz geroztik, jomuga berriei begira ari dira, etengabe: "Hierarkikoa da lan egiteko ohiko modua, eta guk hori puskatu nahi izan genuen, autogestioaren alde, eta erabakiak taldean hartzearen alde. Orain, norbere buruari begiratzen diogu, hausnartu egiten dugu, eta aukerak egiten ditugu".

Ormazabalen iritziz, lehiakor izateko "desberdindu" egin behar da: "Gauza berriak, konplexuak eta sormena eskatzen dutenak erabili behar dira". Eta, antza, Panelfisan asmatu dute: ikus-entzunezkoan azaldu duenez, 2007an baino askoz hobeto dago, gaur egun, gure enpresa. Itxaropentsu egoteko arrazoiak ditugu, eta gauza asko egiteko aukera dugu, belaunaldi berrien ezagutzarekin".

Oso bestelako enpresa da Boinas Elosegui, produktu berbera ekoizten baitaramatzate, 160 urte. Ander Astigarraga izan zen enpresaren ordezkaria eta, azaldu zuen, belaunaldi aldaketatik iritsi zitzaiela, beraiei, krisia: "Txapela txapela izango da beti, baina modernizatu egin gara, berrikuntzak eta materiala hobetzeko produktuak erabiltzen saiatu gara, eta sare sozialen munduan ere sartu gara".

Eraberritze horretan, gainera, lan-dinamikak ere aldatu dituzte azken urteotan: "Sistema horizontalago bat bilatu dugu, taldean lan gehiago egiten dugu, eta hori da enpresen etorkizuna". Astigarragak onartu zuen, txapelaren gorabeherei aurre egiteko lan handia egin behar izan dutela: "Baina lanean jarraituko dugu, Eloseguikoa munduko txapel onena izan dadin".

Azkenik, Cadinox enpresako kideak merkatu berriak bilatzearen garrantziaz aritu ziren. Andoni Isastik azaldu zuen, "papergintza erori zenean merkatua zabaltzea beste aukerarik" ez zutela izan. Orain, lan zehatza eta zaila eskatzen duten piezak egiten dituzte eta, beren produktuen berezitasunagatik, nazioartera begira dago enpresa.

Cadinoxek ere, aurreko bi ereduek bezala, pertsonengan jarri du fokua azken urteotan eta, diotenez, hori da beren arrakastaren gakoa: "Horrek osasuna ematen dio enpresari. Nola? Taldea sendo baldin badago, emaitzak onak izaten direlako. Egia da, aldi berean, enpresako zailtasuna hortik etor litezkeela, baina konpontzeko modukoak izaten dira".

Horrenbestez eta, esperientzia eta oztopo propioez aritu eta gero, belaunaldi berriei mezu argia uzi zieten Tolosako enpresariek: ezagutza teknikoek bezainbesteko garrantzia izango du, taldean aritzeko gaitasuna.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!