Pettik zuzeneko diskoa grabatuko du, bihar, Bonberenean

Ataria 2018ko urriaren 19a

Petti Bonberenean

Larunbatean, 22:30ean hasiko da kontzertua, Tolosako Bonberenean. Broken Brothers Brass Band-en kontzertua izango da gaur.

Larunbatean, 22:30ean, zuzeneko disko bat grabatuko du Pettik, Tolosako Bonberenean emango duen kontzertua aprobetxatuz.

Hain zuzen, hamar urte igaro dira era horretan grabatu zuen aurreko diskotik: Awañak. Rafa Acebes pianistarekin batera, 17 abestiko diskoa grabatu zuen Bonberenean bertan, hil berria zen aitari eskainia.

Gerora disko gehiago argitaratu dituen arren, zuzeneko lan berria argitaratzeko berriro ere Bonbereneara itzuliko da Berako bakarlaria. Urteotan sortu dituen edo bere egin dituen ale kuttunenak aukeratu ditu diskoa osatzeko, erraietatik.

Amerikar sustraiak dituen rocka egiten du Pettik. Sei bakarkako disko plazaratu ditu, baita Anari, Txuma Murugarren, Rafa Rueda, Xabi Garre (Señor No) edota Barrence Whitfield kantariekin partekatutako beste hainbat ere. Erraietatik ateratzen den ahots urratu eta sakona da bere ezaugarri nagusia, bluesaren arimaz kutsaturiko kantu ezkor eta ilunak, gitarra jotzeko trebezia eta taula gaineko indarrarekin batera.

Gaur, Broken Brothers Brass Band

New Orleanseko doinu garaikideak, Funka, gospela eta jazz modernoa uztartzen dituen Broken Brothers Brass Band taldeak emango du, gaur, kontzertua Bonberenean. Emanaldia 22:30ean hasiko da.

Bi kontzertuetako sarreren prezioa zortzi eurokoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!