50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Abesbatza lehiaketako sarrerak agortu dira

Ataria 2018ko urr. 19a, 15:05

Lehiaketa ofizialeko saioetarako txartel guztiak saldu dira; saio berezietarako sarrerak batzuk baino ez dira geratzen.

50. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa dela-eta zazpi kontzertu izango dira urriaren 31tik azaroaren 4ra. Aste honen hasieran jarri zituzten salgai emanaldi horietarako sarrerak, eta sail ofizialeko kontzertuetarako sarrerak amaitu dira dagoeneko.

Emanaldi berezietako txartelak, berriz, ez dira guztiak saldu oraindik. Urriaren 31n, asteazkenean, izango da inaugurazio kontzertua, 19:30ean Leidor Antzokian, Esloveniako Vokalna Akademija Ljubljana abesbatzaren eskutik. Aco Biscevic tenoreak eta Breda Zakotnik pianistak ere parte hartuko dute.

Azaroaren 1ean, izango dira 50. Abesbatza Lehiaketan parte hartuko duten abesbatzen lehen lehiaketa-saioak, Leidor antzokian. 16:00etan eta 19:30ean izango dira emanaldiak. Hirugarren saioa ostiralean izango da, 19:00etan. Hiru saio horietarako sarrera guztiak agortu dira, egun gutxitan.

Larunbatean 11:00etan laugarren saio ofiziala izango da, eta gutxi batzuk baino ez ziren geratzen albiste hau idazterako orduan. 19:00etan kontzertu berezi bat izango da Leidorren, Hodeiertz Abesbatza, Oroith Abesbatza eta Loinaz Abesbatzen eskutik: African Sanctus. Saio horretarako sarrerak ere oraindik salgai daude.

Urteurren borobileko lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, berriz, azaroaren 4an izango da, 11:00etan, eta sarrerak ziztu batean saldu ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!