Parte hartzeko 17 saio zehaztu ditu Tolosako udalak

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 18a, 15:56
Joseba Ormazabal zinegotziak eta Olatz Peon alkateak eman dute Tolosatzen egitasmoaren berri.

Tolosatzen egitasmoaren aurkezpena egin du Tolosako Udalak, eta egingo diren saioak bi zatitan banatuko direla izango da aurtengo berritasunetako bat: batetik proiektuak, eta bestetik, 2019ko udal aurrekontua.

Hirugarrenez Tolosatzen parte hartze egitasmoa martxan jarri du Tolosako Udalak, eta aurten hainbat berrikuntza izango dira. 2016an herritarrekin bat Tolosaren Argazki Partekatua egin eta 2017an 2017-27 Plangintza Estrategikoa osatu ostean, 2017 eta 2018an aurrekontuei begirako proiektuak landu zituzten: 40 barneratu ziren 2017ko aurrekontuan eta 50 2018koan. Aurten aukera izango da horretarako, baina baita jada Tolosatzenen sortu eta garatu diren proiektuetan parte hartzekoa ere.

Aurten lehenengo aldiz parte hartze prozesuaren programazio bat osatu du udalak. Guztira 17 bilera zehaztu ditu, bi zatitan banatuta: garatutako proiektuen bilerak eta 2019 aurrekontu parte hartzaileak. Aurrekontuei begirako plangintzan aldaketak izango dira, Olatz Peon alkateak azaldu duenez: «Iaz egindako bileren ostean jasotako iradokizunei jarraiki aurrekontu parte hartzaileen lanketa sektorialki egitea adostu da aurtengoan». Guztira zortzi alorretan banatu da, eta horien inguruko bilerak azaroan egingo dira.

Aurrekontuei dagozkien bileren aurretik, ordea, Tolosatzenetik eratorri eta 2019an jarraipena izango duten hainbat proiekturen saioak programatu dira. Horien berri eman du Joseba Ormazabalek, Herritarrekiko harremanak, Partaidetza eta Informazioaren Gizarteko zinegotziak. Bilera horietako asko «parte hartze prozesu baten lehenengo bilera» izango direla esan du Ormazabalek, eta gogora ekarri du bilera guztiak irekiak izango direla. Bide batez, eragileak parte hartzera gonbidatu ditu zinegotziak, eta baita herritar guztiak ere.

Bederatzi proiektu

Gaietako bat, berria dena, gazte ekintzailetza izango da. «Gazteekin emantzipazioa sustatzeko politikak diseinatu nahi dira, eta diseinu horretan gazteak nahi ditugu barneratu, eta Tolosako eragileekin landu nahi da», esan du Ormazabalek.

Zumardi Txiki eta Oria ibaia da beste gaietako bat. «Azterketa bat egin da aurten, ikusteko zer aukera izan ditzakegun herria Oria ibaiari begira jartzeko», azaldu du zinegotziak. «Aukera batzuk daude eta horien inguruan zerbait diseinatzeko denbora beharko da».

Gizarte zerbitzuen alorreko elkarteen arteko topaketa da beste gaietako bat. «Bigarren urtea izango da, eta aurtengoan berriro eragileekin eta herritarrekin ikusi nahi da zer aukera ematen dizkigun topaketak berak eta zer diseinu egin dezakegun helburuak betetzeko», dio Ormazabalek.

Beste gai berri bat Hezkuntza Mahaia da. «Ez da hezkuntza akademiko bezala hartzen, baizik heziketa komunitarioaren kontzeptuarekin», zehaztu du zinegotziak. «Tolosatzeneko lehen bileretatik bazegoen eskaera bat herri bezala eduki ditzakegun erronkei aurre egiteko baloreak lantzea, elkar partekatu ditzakegun baloreak definitu eta heziketaren bidez nolabait erronka horiei aurre egiteko», esan du Ormazabalek.

Udal azpiegitura soziokulturalen inguruan egingo da beste saio bat. Ormazabalek esan duenez, «bada garaia ikusteko zer azpiegitura dauzkagun, eta zer egoeretan dauden, eta ea gaur egungo beharrei erantzun on bat ematen dioten». Udalak ikerketa bat egina du, eta lehen fasean emaitza batzuk azalduko dituzte, eta hortik «hasi beharko gara hurrengo urtera begira bai udalaren barruan bai kanpoan etorkizuneko Tolosa nola diseinatu ikusten».  

Usabalgo hirugarren faseari dagokion gaia da pump-track deritzona. Kiroldegiaren ondoan dagoen espazio horrek zer aukera izan ditzakeen diseinatzeko proiektua izango da.

Mugikortasun plana da beste gaietako bat. «Urtero martxan jartzen dena da, eta datorren urtera begira ikusi behar dugu helburuak betetzen diren, eta ea nola hobetu daitezkeen», zehaztu du zinegotziak.  

Landa eremuko ibilbideak gaiaren bidez, «ibilbide horiek balioan jarri nahi ditugu, ez bakarrik horiek erabiltzeko helburuz, baita guk dugun ondarea balioan jartzeko», esan du Ormazabalek.

Mugi Tolosa urtez urte egiten ari den proiektua da. Peonek azaldu duenez, «parte hartzea izugarria da eta bere horretan mantentzea ezinezkoa da, buelta bat eman behar zaio. Hasieratik proiektu parte hartzaile bat denez, aldatu behar bada modu berdinean izan beharko da».

Aukera gehiago parte hartzeko

Parte hartzeko aukerak zabaldu egingo dituztela azaldu dute udaleko ordezkariek. Peonek zehaztu duenez, «aurten bide berriak ireki ditugu, jendeak ahalik eta gehien parte hartzeko. Proiektu aberatsa izan behar badu, parte hartze zabal bat dagoelako izango da».  

Hori horrela, 17 bilera presentzialez gain, liburuxka bat helaraziko da Tolosako etxe guztietara prozesuaren berri eman eta etxetik herritar bakoitzak bere proposamenak luzatzeko aukerarekin. Liburuxkak proposamenak egiteko gune bat du, Tolosatzenen herritarrek ezarritako lau lan ildoen eskemarekin, eta orritxo hori bete eta herrian zehar dauden postontzietan utzi dezakete herritarrek: udaletxean, kultur etxean, Gorosabel eraikinean eta Usabal kiroldegian. Proposamenak internetez ere egin ahalko dira. Hain justu, formulario bat dago eskuragarri liburuxkaren eskema berarekin www.udala.tolosa.eus/aurrekontuak2019 estekan.


SAIOAK
Saio monografikoak
Tolosatzen prozesutik eratorritako hainbat proiektuei buruzko saio monografikoak:
Gazteen ekintzailetza. Urriak 22, 18:30ean, kultur etxean.  
Zumardi Txiki eta Oria ibaia. Urriak 24, 19:00etan, kultur etxean.  
Gizarte zerbitzuen alorreko elkarteen arteko topaketa. Urriak 29, 19:00etan, kultur etxean.  
Hezkuntza Mahaia. Azaroak 5, 19:00etan, kultur etxean.  
Udal azpiegitura soziokulturalak. Azaroak 7, 19:00etan, kultur etxean.  
Pump-track. Azaroak 7, 13:30ean, udaletxeko 4. pisuko bilera gelan.
Mugikortasun Plana. Azaroak 8, 11:00etan, Oriaburun.  
Landa eremuko ibilbideak. Azaroak 8, 19:00etan, Oriaburun.  
Mugi Tolosa. Azaroak 9, 09:00etan, udaletxeko batzar aretoan.

Aurrekontua
2019ko aurrekontua lantzeko saioak:
Garapen ekonomikoa. Azaroak 12, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan.
Euskara eta hezkuntza. Azaroak 14, 19:00etan, Oriaburun.
Kirola. Azaroak 15, 19:00etan, Oriaburun.
Berdintasuna. Azaroak 15, 19:00etan, kultur etxean.
Ingurumena. Azaroak 19, 19:00etan, Oriaburun.
Gazteria. Azaroak 20, 19:00etan, Oriaburun.
Kultura. Azaroak 21, 19:00etan, kultur etxean.
Gizarte zerbitzuak. Azaroak 22, 19:00etan, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!