Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria irabazi du Intujai Teatro taldeak

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 18a, 17:30

Ama-Alu-Lur. Sorgin baten ametsak. antzezlanarengatik irabazi du saria Tolosako antzerki taldeak. 4.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko.

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena sustatzen duen Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria irabazi du Tolosako Intujai Teatro taldeak.

Ama-Alu-Lur. Sorgin baten ametsak. antzezlanagatik jaso du saria. Beatriz Larrañaga eta May Gorostiaga tolosarrek garatu dute ideia, baita gidoia sortu ere. Imanol Arabaolaza tolosarrak eta Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak ere parte hartu dute prozesu horretan, azken honek, esaterako, bertsoak sortuz. Aktore lanetan, berriz, Beatriz Larrañaga bera eta Itziar Saenz de Ojer lizartzarra dira.

Antzezlaren abiapuntua komunikabideetan agertutako albiste bat da: Oreretako Aitzibitarte IV kobazuloan, duela 14.000 urte inguruko paleolito garaiko irudiak aurkitu dituzte. Guztien artean goi-behe metro bat baino gehiago den alu bat nabarmentzen da... Albiste horren inguruan sekulako trama prestatuko dute.

Sari honekin, Intujaik 4.000 euroko diru laguntza jasoko du proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko. Bigarren saria, berriz, Txinparta taldearen Zurrunbiloan lanak jaso du. 3.200 euroko diru laguntza izango du.

2019ko otsailaren 7tik 24ra Donostiako hainbat taberna eta aretotan egingo den Poltsiko Antzerki Jaialdiaren 28. edizioaren barruan ikusteko aukera izango da.

Sariketa antolatzen duten Donostia Kulturak, udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak deialdian parte hartu duten guztiei beren esker ona adierazi die, eta nabarmendu dute «aukeraketa zaila» izan dela, «aurkeztutako proiektuek maila altua» izan baitute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!