‘Gipuzkoan eginak’ dokumentala aurkeztuko dute bihar

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 17a, 16:41

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Departamentuak, Gipuzkoan Eginak dokumental laburren bildumako atal berri baten estreinaldia egingo du, bihar Topicen 19:00etatik aurrera.

Tolosako industriaren iragana eta geroari buruz zenbait gogoeta jasotzen ditu lan honek eta ekitaldian, besteak beste, Markel Olano diputatu nagusia egongo da.

Gipuzkoako gizarteak belaunaldiz belaunaldi erakutsi duen gaitasuna, eta ezagutzaren alde egin dituen ahalegin eta apustuak azpimarratu ditu Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak, Gipuzkoan Eginak ekimenaren bitartez. Horretarako, ikus-entzunezko sail bat osatu dute, lurraldeko industriaren iragana, oraina eta geroa aztergai duena.

«Gipuzkoako gizon-emakumeek funtsezko lana egin izan dute gure ekonomiaren garapenean. Haiek dira lurralde honek duen baliorik garrantzitsuena, eta Foru Aldundiak lan hori aitortu eta sustatu nahi du», azaldu du Ainhoa Aizpuru diputatuak.

Sail honetako bosgarren atala izango da Tolosakoa. «Tolosa betidanik nabarmendu da bertako merkataritza eta manufaktura indarragatik. Tradizio horren eskutik papergintzaren garapen gune oso garrantzitsu bilakatu zen eta, gaur egun, bertako enpresak, berrikuntza eta teknologia aurreratuen aldeko apustuari esker, nazioarteko merkatuetan ahalmen handiz lehiatzen dira hainbat alorretan», gehitu dute.

Bosgarren atal honetan Tolosaren bilakaera egituratu duten zenbait enpresa historiko eta berri aztertuko dituzte; baina, etorkizunari ere begiratuko dio, batez ere, Tolosan enplegua eta ongizatea sortzearen aldeko apustua egiten jarraitzen duten enpresen eskutik.

Ostegunean, hilaren 18an, arratsaldeko 19:00etan ikusi ahal izango da Topic zentroan. Emanaldiaren ondorengo solasaldian parte hartuko dute, bideoko protagonistez aparte, Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek, eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok.

Sarrera libre eta doan izango da, baina aforoa dela eta eskatzen da izena ematea gipuzoaneginak@gipuzkoa.eus helbidearen bidez, dela 943215177 telefono zenbakira deituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!