Ostiralean hasiko da Zeinu Hizkuntzako Nazioarteko Zine Jaialdia

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 17a, 12:01
Bederatzigarrenez egingo dute jaialdia. I. URKIZU

Bederatzigarrenez antolatu du Gainditzenek zeinu hizkuntzan egindako filmeen proiekzioa, Topic-en.

Gainditzenek, Tolosa-Goierriko Pertsona Gorren Elkarteak, urtero bezala udazken partean, Zeinu Hizkuntzako Nazioarteko Zine Jaialdia antolatu du. Jaialdia hamarkada betetzeko zorian da, aurtengoa bederatzigarrena izango baitu.

Ostegunean, parte hartzaileak Donostian elkartuko dira zeinu hizkuntzako film laburren emanaldiaz gozatzeko, Peñaflorida institutuan.

Ostiralean, jada Tolosara lekualdatuko dira, Topic-ek emango die aterpe. 17:30ean ongi etorria, museoaren bisita eta Edgar Murilloren hitzaldia izango dira.

Larunbatean, azkenik, pelikulen proiekzioa izango da Topic-en. Guztira, hamabi film labur eskainiko dira, 16:30-21:00 bitartean. Sarrera zortzi eurotan eskuragarri izango da.

Arratsaldea ikusleek Topic-en emango badute ere, goiza eskualdea ezagutzeko baliatuko dute. Aurtengoan Altzo aukeratu dute bisita gune bezala. 10:30ean abiatuko dute irteera eta Altzoko Handiak nazioartean ezagun egin duen herria bertatik bertara ezagutuko dute, harrizko eskultura, Joxe Migel Eleizegi bizi izan zen baserria bisitatu eta baita ikusgai dagoen erakusketa ere. Eguna amaitzeko, Botarrin afalduko dute elkarrekin.

Ikusgai izango diren pelikulak ondorengoak dira: Chloe, Culpable. Guía mis pasos, El juego, La heredera, El robot, Algo pasa en el hotel, El despertar de una mariposa, El secreto de maia, Los seis, To know him, Trece y dos eta C.O.D.A.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!