Errelato guztiek tartea izan dezaten eskatu dute, Lasa eta Zabalaren omenaldian

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 16a, 21:15

Lasa eta Zabalaren desagertzearen 35. urteurrenean, urteroko omenaldia egin diete Tolosako Olarrain auzoko txokoan; ohi baino ordezkaritza politiko zabalagoa bertaratu da gaur. 

Olarrain auzotik Uzturreko tontorrera begiratuta, urteroko kolorea hartu du zeruak. Urteroko orduan egin baitute hitzordua, urteroko arrazoiagatik. Atzo bete ziren 35 urte, Joxi Zabala eta Joxean Lasa desagertu zirenez geroztik, eta haien memoria bizirik mantentzeko eta egia exijitzeko ekitaldia errepikatu dute, beste behin, haien monolitoaren atarian. 

Adar hotsak eta txalapartak iragarri dute omenaldiaren hasiera, eta Aitor Mendiluze bertsolariak hartu ditu, gero, hitza eta kantua. Ohorezko agurra dantzatu, eta ohiko lore eskaintza egin dute Axun Lasak, Pili Zabalak eta haren amak. 

Joxi Zabalaren eta Joxean Lasaren senide eta familiekin batera, haien desagertze, tortura eta erailketen 35. urteurrenera ohi baino ordezkari politiko gehiago bertaratu da. Horrela, ekitaldian izan dira, batetik, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Julen Arzuaga Euskal Herria Bilduko legebiltzarkidea nahiz Tolosaldeko EH Bilduko hainbat ordezkari. 

Tolosako udal gobernuari dagokionez, berriz, EAJko ordezkariak udal talde gisa bertaratu dira, gaur, Lasa eta Zabalaren ekitaldira: Olarrainen izan dira Olatz Peon alkatea eta Jokin Azkue EAJko zinegotzia. Halaber, EH Bilduko udal taldeko Pello Etxabek eta Igor Ezenarrok ere parte hartu dute ekitaldian.

Bide horretan, Haimar Altuna Sortuko kideak "ausardia handia" erakutsi dutela nabarmendu du, ekitaldi amaieran egindako hitz-hartzean: "Esanahi handia du Tolosako udal gobernuko ordezkariak hemen egoteak. Ezker abertzalearentzat garrantzi handia dute horrelako keinuek, eta ausardia handia erakutsi duzue". Bide horretan, "pausoak ematen jarraitzeko" eskatu die Sortuko ordezkariak, gaineratuz, beraiek ere "ezinbesteko urrats guztiak emateko prest" daudela. 

Memoria eta etorkizuna

Lasa eta Zabala kasuaren kontakizunean atzera eginez hasi da Haimar Altuna Sortuko ordezkariak, haien senideak estatu terrorismoaren biktima direla iradokiz.Horrela, azaldu du gatazka ez dela bukatu, eta egia guztia ezagutzea eta erabakitzeko eskubidea aitortzea ezinbestekoa izango dela horretarako.

Egian sakonduz, gainera, errelato guztiak plazaratzearen beharra azpimarratu du Sortuko ordezkariak: "Egia errelato guztiek osatzen dute, eta ez dugu errelato inposatu eta bakarra onartuko (...) Ezker abertzaleak pauso nabarmenak eman ditu, gatazkak eragindako minak bere eginez (...). Horregatik, tinkotasunez esan nahi dugu, arduraren bat izan duten alde guztien pausoak ezinbestekoak direla. Egia jakiteko eskubide osoa daukagu. Zergatik daude 5.000 torturatu Euskal Herrian? Noiz aitortu behar dute dispertsio politiken ardura? Zein motibazio politiko izan zen Tolosako hilerrian, Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak ekarri zituztenean, senide eta lagunak bortizki erasotzeko?". 

Azkenik, biktima guztien erreparazioa galdegin du, "etorkizuna eraikitzeko". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!