Groenlandia 88, 30 urte geroago bidaia zoragarri hura gogora ekarriz

Mikel Iraola 2018ko urr. 17a, 10:15
Ezker eskuin, Iosu Iztueta, Angel Ortiz, 'Txiki' Plazas eta Nekane Urkia

Duela 30 urte Groenlandiara egindako bidaia ekarri dute gogora espedizioko parte izan ziren Nekane Urkia, Iosu Iztueta, ‘Txiki’ Plazas eta Angel Ortiz tolosarrek. Kontatutakoaren laburpena da honakoa.

1988. urtea zen, bost tolosarrek munduko irlarik handiena, Groenlandia, ekialdetik mendebaldera eskiekin zeharkatu zutenean. Apirila eta maiatza artean 34 eguneko bidaia egin zuten Dina Bilbao, Nekane Urkia, Angel Ortiz, 'Txiki' Plazas eta Iosu Iztuetak.

Muturreko egoerak bizi izan zituzten, hilabetez 0 gradutik gorako tenperaturarik gabe, izotzezko geruza baten gainean, erabat isolaturik, eskuz egindako materialekin eta norabide egokian ote zihoazen jakiteko formula propioa bilatuz. Izugarrizko balentria izan zen bost tolosarrena. Ordura arte 30 espediziok zeharkatu zuten Groenlandia. Nekane Urkia eta Dina Bilbaoren aurretik, esaterako, emakume bakarrak egin zuen bide hori. 30 urteren ondoren, egun horietan bizitakoaren berri eman dute Kultur Etxean.

1- IDEIAREN JATORRIA

Baina bizitzako zein unetan otu dakioke norbaiti horrelakorik? Kasualitate hutsa izan zitekeen, baina bada seinale bat izan zela dioenik ere.

Kontuak kontu, lau urte lehenago, espedizioko kideek 500 kilometroko beste zeharkaldi bat egin zuten Laponian zehar. 1974. urtean euskal herritarrek –tartean, Antxon Bandres– osatutako bide bera jarraitu zuten Osloraino. Norvegiako hiriburuan zirela, ondoezik sentitu zen bidaiarietako bat, eta kalera irten zen.

Halako batean, Fridtjof Nansenen estatua batekin egin zuen topo. Esploratzaile norvegiarra izan zen Groenlandia zeharkatzen lehenengotarikoa, 1888a. Bidaia haren mendeurrena betetzeko lau urte falta ziren. Hortxe aitzakia. Erronka bota, eta ametsa zena egi bihurtuz joan ziren.

2- MUTURREKO ZEHARKALDIA

1988ko apirileko azken igandez bihurtu zuten errealitate ordura arte buruan zerabiltena. Groenlandiara iritsi eta uhartearen beste aldera joan behar izan zuten abioneta batean. Bertan eskimalekin eman zituzten egun batzuk.

Ustekabeko lehen egoera lehen egunean bizi izan zuten. Sasoi horretan ohikoa ez den 0 gaineko tenperaturekin abiatu zuten bidaia. Ondorioz, izotza urtzen hasia zen, eta ezin modu egokian aurrera egin. Bi soluzio zituzten: aurrea egitea kosta ala kosta, egoeraren zailtasunaz jakitun; edo helikopteroz egitea ezinezkoa zitzaien zati hori. Azken hori egin zuten. Garaiko 300.000 pezeta kostatu zitzaien helikopteroa.

Lehen arazoa gaindituta, bidean murgildu ziren bost tolosarrak. Muturreko egoera bizi izan zituzten, izozteko arriskuan jartzen zituzten -30ºCko tenperaturekin. Bosgarren egunean, esaterako, haize eta elur ekaitz bortitzaren ondorioz egun eta erdiz geldirik egon behar izan zuten. Gauak ere ez ziren edonolakoak: argitasunak gau osoz irauten du bertan. Ez ziren egoera samurrak, baina horretarako prest zeuden.

3- PRESTAKETAK

Horrelako bidaia batean, eman beharreko urrats eta hartu beharreko erabakiek bezain besteko garrantzia dute aurrez egindako prestaketa lanek. Bost tolosarrek hilabeteak eman zituzten bidaia antolatzen: mapak buruz ikasi, eraman beharreko materiala topatu, bertan egondakoen esperientziak entzun... Eta, nola ez, azterketa fisikoak egiten ere aritu ziren kirol mediku eta nutrizionistekin, muturreko egoeretan aurrera egiteko gai izango ote ziren jakiteko.

Irudimena martxan jarri eta berrikuntzetarako ere baliatu zuten denbora hori. Izan ere, bela moduko bat eraiki zuten, Groenlandian ohikoak diren haize ufadei probetxua atera asmoz. Eta mesede egin zien, bai. «Lastima patentea erregistratu ez izana, orain ederki biziko ginateke», aipatu zuen umoretsu Plazasek. Bela hura ez zen eskuz egin zuten gauza bakarra izan.

4- EKIPAJEA

Izan ere, zer eramaten da horrelakoetan? Bost lagunen artean 400 kiloko ekipajea osatu zuten: 12 kiloko motxila bana, eta lau elur lera, goraino beterik.

Bost lagunetik lauk eramaten zuten karga uneoro, irristaka. Bestea kameralari lanak egiten edo orientaziorako kalkuluak egiten ibiltzen zen. Ongi gogoan du Iztuetak: «Grabatzearena oso zaila da. Ibili behar duzu aurreratzen eta itxaroten, edo atzean gelditzen eta kideak harrapatzen».

Lera horiek ere eskuz egin zituzten, Groenlandiara joateko hegazkina hartu aurretik, Copenhaguen (Danimarka). Barruan sartu zituzten dendak, argazki kamera mekanikoa, koadernoak, AEBtik bideo kamera kargatzeko plaka fotovoltaikoak...eta janaria. Hori zen pisu handiena hartzen zuena.

5- JANARIA

3.600 kaloriako dieta jarraitu zuten espedizioko kide guztiek zeharkaldiak iraun zuen egun guztietan, erdia afalorduan. Menua, egunero berdina: patata purea urdaiazpikoarekin. Ura lortzeko elurra poltsetan bildu eta irakin egiten zuten. Gero ur hori kantinploretan sartzea konplikatua izaten zen, izoztuta izaten baitziren.

Gainontzean, bi orduz behin geldialdia egiten zuten, deskantsatu eta txokolate apur bat jateko. «Janaria gordetzen ibili ginen, bada ezpada ere, eta azkenean gauza batzuk bota behar izan genituen iritsitakoan. 3.600 kaloriak gorputzeko tenperatura mantentzeko adina ziren, eta esfortzurako agian gutxi izan ziren. Hezur-azaletan itzuli ginen», gogoratu du Iztuetak.

Hala ere, otordu bakoitza biziki estimatzen zuten, Urkiaren esanetan: «Gustura jaten genuen, baina postre garaian herriko jatetxeez hitz egiten genuen».

6- ORIENTAZIOA

Ander Izagirre kazetariak dio guztiok dugula Groenlandiako barnealdeko mapa bana etxean. Hau da, orri zuri bat. Izan ere, orri zuria bezain laua da eremu hori, erreferentziarik gabea, galtzeko aproposa. Hortaz, nola orientatu?

Garai hartan GPSa erabilera militarra izatetik zibila izatera pasa bazen ere, oso garestiak ziren. «Pentsa, GPS batek balio zuen gutako bakoitzari hara joateak balio izan ziguna», azaldu zuen Plazasek, «eta gero, gure aurretik joan ziren errusiarrei bezala pasatzeko. GPSko zerbait puskatu eta itzuli egin behar izan ziren».

Hori ekiditeko, inuit filosofian oinarritu eta konponbide posibleren bat zuten gauzak eraman zituzten: egunean egindako kilometro kopurua neurtzeko kilometro-kontagailu arrunt bat itsatsia zuen gurpil bat eta plastikozko sestante bat, ia jostailuzkoa, eguzkiak ordu jakin batean zuen altuera neurtzeko. Horrela ateratzen zituzten jarraitu beharreko norabidearen kalkuluak. Pentsaezina, gaur egun.

Teknologiak egin du aurrera. Gaur egungo mugikorrekin, esaterako, hurrengo egunetako eguraldiaren aurreikuspena jakitea posible da. Eta, noski, garai hartan ez zen horrelakorik. «Ekaitzak harrapatzen bazaitu, dendatik atera ezinik geratzea txarra da, baina gelditu ezin ibiltzea are okerragoa da. Informazio falta horrek sor dezake halako antsietate puntu bat», aitortu zuen Iztuetak. Hala ere, Ortizek dio ez zutela jakitearen beharra sumatu: «Gaur egun informazio hori lortzea posible dela badakigu, eta horrek eramaten gaitu, agian, gehiegi pentsatzera zerbait egin aurretik».

7- ALDARTEAK

Groenlandia 88 espedizioko kideek beti esan izan dute nahi zutelako joan zirela. Baina bertan sortzen diren egoera psikologikoak kontrolatzea ere beharrezkoa da. Informazio faltak, esaterako, antsietate puntu bat sor zezakeela aitortu zuen Iztuetak. Beste egoera batzuen aurrean, aldiz, beldurra senti zezaketen: «Baina beldurra izu izan ez dadin kontrolatu egin behar da. Norberaren aldartea ez da berdina uneoro. Horregatik umorea garrantzitsua izan zen, egoera txarrei buelta emateko». Ortizen ustez, horretarako talde aproposa zuten.

8- HELMUGA

30 egun baino gehiagoz «mundutik erabat isolaturik» eta inor ikusi gabe egon ostean, halako batean iritsi ziren lehen bizi arrastoak zeuden lekura. Akabo izotza. Baina ez komeriak. Non ziren?

Bazituzten mapak, baina beraien kokalekua jakitea falta zen. Horretarako taldea banatu eta bakoitza alde batera joan zen, ondoren ikusi zutena besteei kontatzeko. Nekane Urkiak gozatu egin zuela aitortu zuen: «Marraztea atsegin nuen, eta ikusten nituen mendi, laku eta ibaien formak marraztu nituen gero gainerakoei erakusteko». Banandu ziren puntura itzuli ostean, argi ikusi zuten non ziren: «Zortea izan genuen nahiko ados geundelako. Pentsa zer gerta ote zitekeen bakoitzak zerbait ezberdina esan izan balu», dio Iztuetak.

Bide horri jarraituz iritsi ziren azken helmugara. Hala ere, komeriak izan zituzten bidean, ibaiak zeharkatzerako orduan bereziki. Ur emaria handia zen, bizia, eta tenperatura hotzak ziren. Segundo gutxi batzuk aski ziren uretan izoztuta gelditzeko. Alde batetik bestera pasatzeko ere inprobisatzea tokatu zitzaien, tirolina bat sortuz.

9- ETA LARRIALDIRIK BALEGO?

Eta askori otu zitzaien galdera bera: eta zerbait gertatu izan balitz, zer? Plazasek erantzun: «Larrialdi seinale bat emititzen omen zuen aparatu bat genuen. Ez dakigu zein puntutaraino zen fidagarria hori». Gainontzean, atzera bueltarik ez zuten: «Orkatila bihurrituz gero, inflamazioa jaisteko adina izotz genuen alboan, bestela lera baten gainera igo eta gainerakook eraman ahalko genuela uste genuen», dio Iztuetak, horrelakorik bizi izan behar ez zutenaren lasaitasunarekin. «Bestela, erremediorik ez zegoen. Denon genekien zer gerta zitekeen».

Beharbada horregatik, aurrekontuak-eta begiratzen ari zirela, Txiki Plazasek joaneko hegaldiak bakarrik erostea proposatu zuen, gastuak murrizte aldera: «Txistea dirudi, baina esan zuen hori kontziente zelako arriskuaz. Itzultzen ez baginen, behintzat, hegazkin konpainiek ez zezatela diru hori irabazi», azaldu zuen barrezka.

10- ATZERA BEGIRA

Parekorik ez duen esperientzia bizi izan zuten egun horietan Dina Bilbao, Nekane Urkia, Angel Ortiz, Txiki Plazas eta Iosu Iztuetak. Berriro egingo luketen galdetuta, erantzun azkarra bota zuen Plazasek: «30 urte gutxiagorekin, bai». Bien bitartean, esperientzia horrekin direnak eta ez direnak txunditzen jarraituko dute. Bejondeiela!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!