Erosketa baratzetik bertatik egin ahal izango da, ostiralean

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 16a, 18:06

Santa Lutziako baratze hazitegiek maizter berriak dituzte, eta ostiralean bilketa eguna antolatu dute; ekoizleak eta baratzeak ezagutzeko, eta produktuak lurretik bertatik hartzeko aukera izango dute herritarrek.

2014. urtean martxan jarri zuen, Tolosako Udalak, Santa Lutziako baratze hazitegia. Helburua zehatza zen eta, aldi berean, asmo askoren aterkia: lehen sektorearen profesionalizazioa sustatzea, bertako produktua ekoitziz, salduz eta kontsumoa bultzatuz. Bada, baratze hazitegiko lehen erabiltzaileek hiru urteko zikloa amaitu eta gero, joan den maiatzean hasi ziren, bi nekazari, beren lana lur horietan ereiten. Horrela, ostiral honetan bilketa edo pick up eguna antolatu dute Tolosako Udalak eta Tolomendi elkarteak; 16:30ean izango da hitzordua, Samaniego atariko aparkalekuan.

Patxi Amantegi Tolosako Udaleko ingurumen zinegotziak azaldu du, baratze hazitegia ezagutzeko aukera bikaina izango dela, baina horrez gain, asteburuko erosketa baratzetik bertatik egiteko aukera izango dutela herritarrek: "Beste zenbait herrialdetan ohikoa da halako hitzorduak antolatzea, eta hona ekarri nahi izan dugu ohitura. Hitzordu pedagogikoa izango da, batetik, nekazariekin hitz egiteko eta baratzeko lana bertatik bertara ezagutzeko jarduera izango baita". Horrekin batera, gainera, saskiak banatuko dizkiote hala nahi duenari, eta baratzean bertan aukeratu ahal izango dituzte erosketa osatzeko barazkiak.

Iker Karrera Tolomendiko ordezkariak azaldu du, bilketa egunak JAN Tolosaldea proiektuarekin bat egingo duela. Bertako produktuaren kontsumoa sustatzeko proiektua da JAN, horrekin eskualdeko ekonomia sustatzeko gogoz eta, Karrerak iragarri du, ikasturtean barrena beste hainbat hitzordu antolatuko dituztela, herritarrei zabalik.

Lourdes Rodriguez nekazarietako batek parte hartu du agerraldian eta, azaldu du, langabezian daramatzala bi urte: "Lanik gabe geratu, eta senarraren bitartez ezagutu nuen baratzeen mundua. Ikastaro bat ere egin nuen, eta aukera hau suertatu zitzaidan. Oso-oso gustura nago, astelehenetik igandera hemen aritzen naiz, eta asko erlaxatzen nau. Gainera, Samaniegoko haurrak ere etortzen dira tarteka, eta oso gustura aritzen naiz haiekin hizketan".

Maiatzean erein zituzten lehen haziak, eta oraindik ez dute uzta handiegirik jaso, baina inguruko ezagunei produktuak saltzen hasi da Lourdes Rodriguez. Aurrera begira, berriz, kontsumo taldeen dinamikari baino gehiago, eskaera bidezko funtzionamenduari heldu nahi dio: "Bezeroak eska diezadala nahi duena, eta nik saskia osatuko diot. Nahi izanez gero, etxera eramango dizkiet saskiak eta, bestela, hona ere etor daitezke bila".

Modu batera edo bestera, baratzeak marraztuko du kontsumitzaile horien menua eta, udazken hasiera honetan, letxugak, kukuluak, porruak eta tomate hori berezi batzuk eman ditu Santa Lutzia auzoko baratzeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!