Sendotasuna, Tolosaren ezaugarri nagusi

Mikel Iraola 2018ko urr. 16a, 10:00

Ohorezko Erregional Mailako taldeak 1-2 irabazi du Real Unionen aurka itxura ona emanda; Euskal Ligako taldeak, berriz, bana egin zuen Hernaniren aurka.

Azkenean, Irun. Bazuen zerbait Tolosak zelai horrekin. Beti da berezia azken igoera lortu zuen zelaira itzultzea, baina orduan ere gertatu zen moduan, ezin hiru puntuak poltsikoratu. Oraingoan bai.

Eta ez edonola. Beste behin, denboraldi hasieratik gertatzen ari den moduan, itxura oso ona eman zuen Tolosak. Eta parean, aspaldiko Real Union sendoena, Ander Avellanedaren iritziz: «Onerako harritu ninduten. Oso talde ona topatu genuen aurrean, baloiarekin nahiz baloik gabe», dio.

Meritua eman behar zaio garaipenari, bi arrazoiengatik. Batetik, ez zen aukera askoko norgehiagoka izan, baina izandakoak ongi baliatu zituen talde urdinak; bestetik, defentsan sendo aritu zen, eta aurkaria kontrolpean izan zuen zelai erdian, batik bat, bigarren zatian.

26. minutuan iritsi zen neurketako lehen gola. Baloia lapurtu, eta Xepik defentsen artetik pase bikaina egin zion Leceari. Hau bakarrik geratu zen atezainaren aurrean, eta errematea geratzea lortu zuen honek, baina errebotean bularrera etorri zitzaion baloia aurrelari tolosarrari, eta sareetara joan zen: «Ez zen gol ikusgarria izan, baina hemen mota guztietako golek balio dute», aitortzen du entrenatzaileak.

Sentsazio onekin joan zen aldageletara Tolosa. Bigarren zatiaren hasieran, ordea, irundarrek banakoa egin eta ondorengo minutuetan sufritu egin zuen. Baina hor azaldu zen Zubillaga. Aldaratze baten ondoren, 1-2koa jarri zuen berastegiarrak. Gerora, esandakoa, kontrolpean izan zuen neurketa.

Pozik da Avellaneda, bereziki taldea erakusten ari denagatik: «Begira, egoera ezberdinetara egokitzen dakien taldea dugu. Gaztea, baina era berean pisua hartzeko eta aurrera egiteko gai dena. Eta ikusi besterik ez dago zenbat jokalarik hartu duten parte, dagoeneko, hasierako hamaikakoan». 20 baino gehiago dira hori egin dutenak; azkena asteburuan, Kepa Eizagirre, atezain anoetarra.

Baina bideari jarraipena eman behar. «Hainbestekoa da berdintasuna maila honetan, non edonork irabaz zaitzakeela. Baina jokalariei esan diet, %99an jokatzen badugu, askok irabaziko gaituzte; %100ean bagaude, oso gutxik».

Bada, datorren igandean, sailkapeneko goiko postuetan aurrerapauso handia egiteko aukera izango du Tolosak. Denboraldia bikain hasi duen Oiartzun izango dute aurrean, 16:30ean Berazubin.

Ezusteko berdinketa

Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak, berriz, 1-1 berdindu du Hernaniren aurka. Bolada onean zegoen talde urdina, garaipenak pilatuz, eta berdinketak lehen postuetatik asko aldetzen ez badute ere –hirugarren jarraitzen du, liderrarengandik lau puntura–, hiru puntuek alde egin izanaren sentsazioa geratu zitzaien tolosarrek.

Izan ere, asko izan ziren gol gehiago egiteko izan zituzten aukerak. Baina Ainhoa Bengoetxearenak bakarrik balio izan zuen.

Getxon jokatuko dute larunbatean hurrengo norgehiagoka, Bizkerreren zelaian. 16:00etan hasiko da partida.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!