Udazken gastronomikoa abiaraztera doa Mikologika

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 15a, 15:27

Asteazkenean hasi eta larunbatera bitarte, perretxiko eta onddoen inguruko hitzorduz beteko da Tolosa; IX. Mikologia antolatu du Casino elkarteak.

Tolosako azoka berezien abiaraztea da edo, bestela esanda, udazkeneko hitzordu gastronomikoen atea. Mikologikak udazken loreen gozamena baitu ardatz eta, urteroko moduan, perretxiko eta onddoen bueltako egitaraua mamitu du, Casino elkarteak, zaleen gozamenerako.

Elkartearen egoitzan bertan aurkeztu dute egitaraua, Olatz Peon Tolosako alkateak, eta Joxe Mendizabal eta Iker Ariznabarreta Casinoko kideek.

Mendizabalek azpimarratu du, Mikologikaren hitzordua egonkortu dela Tolosako agendan: «Bederatzigarrena izango da, azkar pasatzen da denbora».

Olatz Peon alkateak, berriz, azoka denboraldiaren hasieratzat jo du perretxikoen bueltakoa: «Azoka berezietan lehena da Mikologika eta, Tolosako Ekinbide Etxeak hasitako bideari ederki jarraitu dio Casinok».
Bide horretan, Mikologikak azken urteotan izandako arrakastari ere azpimarra jarri dio alkateak: «Berrikuntza ugari txertatu dituzte azken urteotan, eta Mikologikak sekulako harrera izaten du beti».

Aurten ere izango da nobedaderik, noski, egitarau nahiz plazei dagokienez. Batetik Txanpi On Fest hitzordua Naparzubi inguruan izango da, Zerkausiaren eta Casinoaren artean: «Ez dugu festa errepikakor bilakatzerik nahi, eta espazioak eraldatzen jarraitzeko, lekua bera ere aldatu nahi izan dugu», azaldu du Mendizabalek.
Bestalde, elkarte arteko pintxo lehiaketa larunbat goizean izango da, estreinakoz, Iker Ariznabarretak azaldu duenez: «Ostiralean lan izugarri izaten dugu Txanpi On Fest-ekin, eta larunbat goizeko azokara gehitzea erabaki dugu».

Haize berri horiek betiko hitzorduekin uztartuko dituzte eta, aipagarrienetako bat Raul Fraile katedradunaren hitzaldia izango da: perretxiko sendagarrien erabileraz ariko da.

EGITARAUA

Urriaren 17tik 20ra
Erakusleiho lehiaketa. Tolosa&Co elkartearekin elkarlanean, Tolosako merkatariek beren erakusleihoak atonduko dituzte, mikologia gaitzat hartuta. Bezeroek botoa emateko aukera izango dute.
Urriaren 17a, asteazkena
19:00. Casino elkartean, bazkideentzako sukaldaritza tailerra perretxikoez, Xabier Martinez sukaldari eta bazkidearen eskutik.

Urriaren 18a, osteguna
20:00. Casino elkarteko lehen solairuan, hitzaldia Raul Fraile Valladolideko Unibertsitateko Mikologia katedradunaren eskutik: Gaur egungo onddo sendagarriak. Farmakologia eta erabilera.

Urriaren 19a, ostirala
09:00. Tolosaldeko ikastetxeetako DBHko 1. mailako ikasleak perretxikoak biltzera irtengo dira. Arratsaldean, Aranzadi zientzia elkarteko kideekin batera sailkatuko dituzte, Tolosako kultur etxean.
18:30. Txanpi On Fest. Aurten, kokaleku berria izango du pop up espazioak, Naparzubian, Zerkausiaren eta Casinoaren artean. Zuzeneko musika, edariak eta food truck-ak izango dira. 

Urriaren 20a, larunbata
10:30. Elkarteen arteko VII. pintxo lehiaketa, Trianguloan.
12:00. Mikologika azoka, Trianguloan. Hainbat jatetxetako sukaldariek pintxoak prestatuko dituzte, onddo eta perretxikoak erabiliz. Honakoak izango dira, pintxoak prestatuko dituzten establezimenduak:
Casa Martínez jatetxea
Bera Bera Jatetxea
Botarri jatetxea
Leaburuko Ostatua (Peñascal Kooperatiba)
Karela taberna
Solana 4 taberna
Larrea jatetxea
19-90 taberna
Gozona gozotegia
Casino elkartea
12:00. Erakusketa, Trianguloan, Tolosaldeko ikasleek Aranzadi zientzia elkarteko kideen laguntzaz bezperan bildu eta sailkatutako perretxikoekin.
20:30. Mikologika amaitzeko afaria egingo dute, Casino elkartean. Amaiera afaria. Bazkideei eta haien gertukoei zuzendutako hitzodua da, eta, 80 pertsona inguru elkartuko dira. Bazkide bakoitzak 3 lagun gonbida ditzake, eta izen-ematea elkartean bertan egin daiteke. Menuak perretxiko eta onddoak izango ditu osagai nagusi, eta AMA tabernako sukaldariek prestatuko dute aurten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!