Lasa eta Zabala gogoan, 35 urte eta gero

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 15a, 15:22
Urtero egiten dute ekitaldia, Olarraingo monolitoan.

Gaur 35 urte bahitu zituzten Baionan, Joxean Lasa eta Joxi Zabala. Ekitaldia egingo dute bihar, 19:30ean, Olarraingo monolitoan.

Gaur betetzen dira 35 urte Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituztela, etakideak zirelakoan. GAL erakundeak bahitu, torturatu eta erail zituen, eta hori gogoratzeko ekitaldia egingo dute bihar, 19:30ean, Olarrainen dagoen monolitoan.

Lasa eta Zabalerana GALen lehen ekintza izan zen eta horrela frogatu bada ere, senitartekoek ez dituzte kalte-ordainak jaso oraindik. Kalte-ordaina ukatzeko Auzitegi Konstituzionaleko epaileek argudiatu zuten ETAko kidea zela Zabala, hala agertzen delako, hain zuzen, Lasa-Zabala auzian Auzitegi Nazionalak emandako zigor epaian. 2000. urtean izan zen hori: Enrique Rodriguez Galindo jenerala eta beste lau lagun zigortu zituzten, Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzea egotzita. Hura ekintza terrorista izan zela aitortu arren, sententzia horretan Zabala etakidetzat hartzen denez, horrek «gizartearen elkartasuna» jasotzea eragozten dio familiari, epaileen esanetan. Espainiar estatuak bi familiei ukatzen dizkie kalte-ordainak.

Ez da hori Lasa eta Zabalarekin lotutako bereizgarri bakarra. Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jenerala zigortu zuten tolosarrak torturatu eta erailtzeagatik eta 75 urteko kartzela zigorra jarri zioten, baina bost urte baino ez ditu pasatu espetxean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak hartu zuen hura kartzelatik ateratzeko erabakia, 2005eko urtarrilean, «osasun arazoak» direla-eta.

Gertaera harengatik inor ez dago kartzelan. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2000n denera 365 urteko espetxe zigorra jarri zien Galindo, Julen Elgorriaga, Angel Vaquero, Felipe Bayo Leal eta Enrique Doradori. Esaterako, Elgorriaga bahiketaren garaian Espainiako Gobernuaren ordezkaria zen Gipuzkoan, auzitegiak 75 urteko kartzela zigorra jarri zion, baina hark 21 hilabete besterik ez zituen egin barruan.

Lasa eta Zabalaren gorpuak 1985ean aurkitu zituzten Busoten (Alacant, Herrialde Katalanak), lurperatuta, eta hilerrira eraman zituzten, hilketa harekin lotu gabe aurkikuntza. 1995ean hartu zuen ikerketak beste norabide bat, hamar urte aurreko aurkikuntza hura 1983ko gertaerarekin lotuta. 1995eko ekainaren 21ean iritsi ziren Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak Euskal Herrira. Ezagunak dira orduko gertaerak; senitarteko eta lagunak jipoitu zituzten Hondarribako aireportuan, zain zeudela. Tolosako hilerrian ere Ertzaintzak senitarteko, lagun eta oro har, han bildutakoak kolpatu zituen. Lasa eta Zabalaren familiek gogor salatu zuten polizia autonomikoaren jarrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!