Irene Caminos, hirugarren Munduko Kopan

Mikel Iraola 2018ko urr. 15a, 09:56
Argazkia: UCI

Tolosarrak hirugarren egin du Berlinen jokatu den azken jardunaldian, eta sailkapen nagusian bi postu aurrera egitea lortu ondoren, brontzezko domina jantzi du.

Trialeko Munduko Kopa hirugarren postuan amaitu du Irene Caminosek. Asteburuan Berlinen jokatu da Kopako laugarren eta azken jardunaldia, eta bertan lortutako emaitzak –hemen ere hirugarren izan da– azken unean bi postu aurreratzea ahalbidetu dio.

Izan ere, Berlingo proba hasi aurretik bosgarren zegoen tolosarra sailkapen nagusian. Txapelketari ondo ekin bazion ere, –bosgarren izan zen Vöcklabrucken (Austria) eta bigarren Val di Solen (Italia)– Anberesen (Belgika) jokatutako hirugarren jardunaldian zazpigarren izan zen, eta ondorioz, sailkapenean postuak galdu zituen.

Txapelketako azken hitzordura arte zuen denbora «egunero-egunero gehiago entrenatzeko» baliatu zuen Tolosarrak, Gijonen, bere entrenatzailearen bizilekuan. Eta lan horrek izan du saria.

Berlinen ere hirugarren

Larunbatean iritsi ziren lehen albiste onak Caminosentzat. Finalerako txartela lortu zuen tolosarrak, ez ordea, sailkapenean aurretik zituen Alba Hidalgo espainiarrak eta Nadine Kamark suediarrak.

Atzo jokatutako finala, ordea, ez zen ondo hasi tolosarrarentzat. «Lehen bi sekzioak ez ziren errazak izan, harri txiki askokoak ziren, eta denbora luzez mantendu behar zen oreka. Ez zitzaizkidan ondo atera, eta uste nuen dena galdua nuela», aitortu zuen atzo gauean Euskadi Irratian. Hurrengo bi sekzioetan hobera egin zuen Caminosek, eta hirugarren amaitu zuen, 280 puntu pilatuta.

Hirugarren postu horri esker, sailkapen nagusian ere bosgarren postutik hirugarrenera pasa zen, brontzezko domina lortuz. Eta gertu izan du bigarren postua. Orotara 645 puntu pilatu ditu Caminosek; bigarren izan den Manon Basseville frantziarrak 15 puntu gehiago lortu ditu. Munduko Kopa lau jardunaldiak irabazi dituen Nina Reichenbach alemaniarrarentzat izan da.

[Berlingo probako zuzeneko emankizuna, bideoan]

Munduko Txapelketa, bi aste barru

Munduko Kopa amaituta, hurrengo hitzordua azaroaren 5ean izango du Caminosek. Munduko Txapelketa jokatuko da, Txinan. Joan den urtean bertan ere hirugarren egin zuen: «Orain ere sinatuko nuke emaitza hori. Oraingoz lortutakoarekin pozik nago», aitortu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!