Tolosako Ahal Duguk egoitza inauguratu du Berazubin

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 13a, 13:00

Hilabeteak dira Jose Martin Iraola kaleko seigarren zenbakian dagoen egoitza martxan dagoela, baina gaur inauguratu dute ofizialki. Lander Martinez, Podemos Euskadiko idazkari nagusia egon da irekiera ekitaldian.

22 egoitza zabaldu ditu Ahal Dugu-Podemosek EAEn eta azkena Tolosakoa izan da. Duela urtebete hasitako "handitze prozesuarekin" aurrera doazela aipatu du Martinezek eta gehitu du aste hau "garrantzitsua" izan dela alderdi moreak erakundeetan egiten duen lana zein den erakusteko.

Proposamen "egingarriak eta bideragarriak" egiten ditu alderdiak, idazkari nagusiaren esanetan, eta aste honetan Espainiako estatuan Unidos Podemosek Sanchezen gobernuarekin lortu duen akordioa da horren erakusgarri. "Jendearen beharrak politikaren erdigunean jarri ditugu eta horrek on egiten dio Euskadin bizi den jendeari. Pentsioetan igoera izango duten 180.000 pentsiodun daude Euskadin, hemengo 30.000 autonomori zergak jaitsiko zaizkie, 900 euro baino gutxiago jasotzen zuten 10.000 pertsonari soldata igoko zaie, akordio honekin baldintzak hobetuko zaizkio jende horri guztiari. Hormigoiarekin lotuta EAJk egiten zituen akordioetara ohituta geunden eta orain demostratu dugu beste gisa bateko akordioak egin daitezkeela, pertsonak erdigunean jarrita".

Proposamenak jasoko dituzte

Berazubi auzoko festak baliatu dituzte Tolosako Ahal Dugu-Podemosen egoitza inauguratzeko. Iñigo Cabieces alderdiko kideak aipatu duenez, "lanerako egoitza izango da, ez da egoitza administratiboa izango edo kanpaina egoitza bat, jendeak hona hurbildu eta bere proposamenak egiteko aukera izango du".

Goiz gehienetan irekita egoten dela jakinarazi dute Tolosako Ahal Dugu- Podemoseko kideek. "Duela hiru urte esan genuen hau ez da Podemosen proiektua Tolosan, hau tolosarron proiektua da eta denon artean egin behar dugu lan hori lortzeko, eragile eta norbanakoekin batera". Datorren urtean, hauteskunde urtea izango da eta Cabiecesek aurreratu du Ahal Dugu-Podemosek hautagaitza aurkeztuko duela udal hauteskundeetan: "Oso indartsua izango da aurkeztuko dugun hautagaitza. Jorratzen hasi gara, baina primarioak urtarrilean izango dira eta orduan egingo dira hautagaien izenak ofizial. Militantzia eta primario horiekiko errespetuagatik, ordura arte isilik gordeko ditugu izenak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!