IKT astea hamargarrenez, hilaren 22tik 26ra bitarte

Ataria 2018ko urriaren 12a

Goizez Lehiberri zentroan izango dira saioak, eta Oriaburu eraikinean eskainiko dituzte eguerdikoak eta arratsaldekoak.

Informazio eta komunikazio teknologien astea hamargarren urtez helduko da Tolosara, urriaren 22an. Lehiberri zentroak iragarri du, jada, egitaraua, eta hiru ordutegi prestatu dituzte, enpresek doako ikastarook jaso ditzaten; zabalik dira izen-emate guztiak.

Batetik, goizeko saioak izango dira, hilaren 22tik 26ra, Lehiberri zentroan bertan. 09:30ean hasi eta 13:00etan amaituko dira, eta Apatta industrialdera bertaratzeko autobusa ere eskuragarri izango da. Horrela, zibersegurtasuna, enpresetako datuen erabilera, enpresa industrialetan plan digitalak txertatzea eta Datuen Babeserako Lege berriaren ezustekoak saihestea izango dituzte hizpide saio horietan. Bazkalorduan, merkataritzari eta ostalaritzari begirako ikastaroa eskainiko du IKT asteak, 14:15etik 16:15era, eta Oriaburu eraikinean izango da: urriaren 22tik 25era, komertzioetarako marketin digitala jorratuko dute parte hartzaileekin.

Azkenik, Oriaburu eraikinean bertan, arratsaldez ere ikastaro eskaintza izango da, 18:00etatik 20:00etara. Kasu horretan, Wifi guneetako segurtasunaz, dronez eta tresna teknologiko berriez, internet bidezko salmentaz eta internet bidez lana bilatzeko moduez ariko dira.

Ikastaro guztietako izen-emateak zabalik daude jada, eta horretarako nahiz informazio xeheagoa eskuratzeko, honako kanalak jarri dituzte eskuragarri, antolatzaileek: 943 65 45 01 telefono zenbakira, www.lehiberri.eus ataria, www.euskadinnova.net ataria eta lehiberri@tolosaldea.eus helbide elektronikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!