Gipuzkoako Kopako derbia, Herrikiderentzat

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 11a, 08:36

Gipuzkoako kopako derbia jokatu zuten, atzo, Herrikidek eta Iurre Tolosalak. 3-2 irabazi zuen Herrikidek.

Urte luzez errepikatu den derbia jokatu zuten atzo Herrikiek eta Iurre Tolosalak. Maila berean aritu dira lehian orain arte, baina joan den urtean mailaz igotzea lortu zuen Iurrek, eta Gipuzkoako Kopako zozketan berriro ere elkarren aurka jokatzea tokatu zitzaien.

Partida orekatua izan zen, oro har. Batik bat, lehen zatian, 0-0 iritsi baitziren atsedenaldira. Ez ziren aukera ugari izan, baina bai intentsitatea.

Bigarren zatiaren hasieran, Yarzak jokaldi ikusgarri bat egin, eta txilenaz izugarrizko gola egin zuen Iurrerentzat. Ez zien pozak larregi iraun, etxeko taldeak berdinketaren gola egin baitzuen segituan, aldaratze bat aprobetxatuz. Eta minutu bat beranduago 2-1koa lortu zuten.

Azken 7 minutuetan, Iurre atezain-jokalariarekin aritu zen, eta lau minuturen faltan Anttonek 2-2koa ezarri zuen markagailuan. Ez zen azken gola izan, ordea. Neurketa amaitzeko bi minutu falta zirela, Herrikidek 3-2koa lortu zuen, garaipena eskuratuz.

Bien bitartean, hurrengo astean etxean jokatuko du Iurrek ligako partida. Hilaren 20an, Uzturpe kiroldegian, 16:30etik aurrera Eskoriatzaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!