Groenlandia 88 espedizioa: muturreko bidaia bat gogora ekarriz

Mikel Iraola 2018ko urr. 11a, 12:05
Groenlandia 88 espedizioko kideak: Dina Bilbao, Josu Iztueta, Nekane Urkia, Angel Ortiz eta Txiki Plazas

30 urte dira Tolosaldeko bost lagunek osatutako Groenlandia 88 espedizioak munduko irla handiena ekialdetik mendebaldera gurutzatu zuenetik. Bidaia hori aitzakiatzat harturik, bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak, urriaren 15 eta 16rako.

100 urte lehenago Nansen esploratzaile norvegiarrak egindako bidea jarraitu zuten Dina Bilbao, Josu Iztueta, Nekane Urkia, Angel Ortiz eta Txiki Plazasek, eskiekin, 1988. urtean. 34 eguneko bidaia zirraragarria egin zuten Groenlandian zehar, ezerezaren erdian, guztiz isolatuta, eta egoera guztiz muturrekoan.

Garaiko esperientziak egunkari eta aldizkarietan bildu zituzten. Honela kontatu zuen, urte batzuk beranduago, Ander Izagirre kazetari donostiarrak, Groenlandia cruje liburuan: «600 kilometroko bidea egin zuten, izotz gainean. Ekaitzak, haizeteak eta zero azpitik 36 graduko tenperaturak jasan behar izan zituzten. Maparik, GPSrik, irratirik edo telefonorik gabe. Kilometro-kontagailu bat itsatsia zuen bizikletako gurpil batekin (egunean egindako distantzia neurtzeko) eta sestante (eguzkiaren eta zeruertzaren arteko angelua neurtzeko gailua) batekin soilik. Esfortzu fisikoa ikaragarria izan zen, baina erabateko isolamendu beldurgarriaren parekorik ez: helmugara iritsi izan ez balira, inork ez luke jakingo non ote ziren eta eurei ere ezinezkoa izango zitzaien mezuren bat bidaltzea. Horrela pasa zituzten 34 egun, mundutik at».

Groenlandiaz gehiago jakiteko aukera, Tolosan

Espedizio haren 30. urteurrena aitzakiatzat hartuz, Groenlandiaz eta bertan bizi diren Inuiten egoeraz mintzatzeko bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu, datorren asterako, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak, Zumardia eta Alpino Uzturre elkarteen eta Tolosako Udalaren laguntzarekin.

Datorren astelehenean, urriaren 15ean, Groenlandia 88 espedizioko kideek bidaia hura gogora ekarriko dute, han ateratako irudiak eta materiala erakutsiz.

Hurrengo egunean, berriz, Francesc Bailón antropologoak, Inuiten bizimoduaren inguruko hitzaldia eskainiko du, Viaje a la tierra de los Inuits izenburupean. Bere bizipenetan eta ikerketetan oinarrituz, etnia honen errealitatea azaleratuko du.

56.000 biztanleko herrialdea da Groenlandia, eta horien %87a inuit jatorrikoa da. Ehiza, arrantza, berotze globala edo kutsaduraren inguruko kezkak bizi dituzte eta, besteak, beste, gai horien inguruan ariko da Bailón.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!