Autobusa doan, Luxenburgoko Orkestra Sinfonikoaren kontzerturako

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 10a, 10:16

Kontzertua azaroaren 11n izango da Kursaalen, eta Tolosatik autobusean joan nahi dutenek azaroaren 4a baino lehen eman beharko dute izena.

Tolosako Udalak 'Kursaal Eskura' egitasmoarekin bat egin zuen maiatzean, Kursaal Elkarguneak antolatzen dituen ikuskizunak herritarrei gerturatu, eta bertara joateko erraztasunak emanez. Lankidetza horren bidez, doako autobusa eskaintzen da Tolosatik Kursaalera.

Hurrengo hitzordua, azaroaren 11n izango da. Egun horretan Luxenburgoko Orkestra Sinfonikoaren emanaldia izango da. Kontzertua 19:00etan izango da, eta autobusa ordubete lehenago, 18:00etan, abiatuko da Santa Klara kaleko autobus geltokitik.

Interesatuek www.kursaal.eus atarian erosi beharko dute kontzerturako sarrera. Behin sarrera erosita, autobuseko tokia erreserbatu behar dute, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita edota 943 670 388 telefonora deituta. Izena emateko epea azaroaren 5ean amaituko da eta gutxienez 15 pertsonako taldea osatu behar da autobusa irteteko.

Sarrerek 11 eta 55 euro arteko prezioa dute. Langabetuek eta 30 urtetik beherakoek, berriz, sarrerak 3 euroko prezioan erosi ahal izango dituzte.

Luxenburgoko Orkestrak honako abestiak eskainiko ditu egun horretan: Nicht zu schnell, G. Mahler; Biolinerako kontzertua op. 61, L.v. Beethoven, eta Bosgarren sinfonia, P.I. Tchaikovsky.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!