«Amak zenbat txartel gorri atera ditudan galdetzen dit»

Asier Imaz 2018ko urr. 10a, 12:11

Futbol atezaina, futbol entrenatzailea eta zerbait falta baldin bazitzaion, orain futbol epailea da Naroa Garaialde (Tolosa, 2001). Asteko zazpi egunak baloiarekin bueltaka egiten ditu 16 urteko gazteak.

Nondik datorkizu epaile izateko ideia?
Hasieran, entrenamenduetan, epailea behar genuenean beti jartzen nintzen ni. Gero partidetan epaileari begira harrapatu izan dut neure burua, eta zergatik ez izan galdetu. Atezainen entrenatzailea, Guillermo Benito-Huarte, epailea ere bada eta berarekin hitz egin ondoren aurrera egitea erabaki nuen. Federaziora berarekin joan nintzen. Gero liburuxka bat eman ziguten azterketa egiteko. Hori gainditu eta aurrera.

Noizko kontuez ari gara hizketan?
Aurtengo kontua da, inauteri ondorengoa edo. Martxoa izango zen federaziora lehen aldiz joan nintzenean. Ekaina amaieran azterketa egin nuen, eta abuztuarekin batera fitxa egin zidaten. Jantziak iraila hasieran hartu nituen eta gero…

Tolosa inguruan ba al da beste epailerik?
Guillermo Benito-Huarte eta ni egongo gara Tolosan. Villabonan baten bat badela uste dut, baina Tolosaldean ez dut uste besterik dagoenik.

Nesken edo mutilen partidetan aritzen zara?
Hasiera batean neskekin, baina hegaleko epaile bezala mutilen partidetan ere egon naiteke.

Zuk zer nahiago duzu?
Hasi maila baxutik hasi nahi dut, pausoz pauso joateko. Erritmoa hartu behar izaten da. Egunen batean mutilen partida batean aritzea suertatzen baldin bazait, zergatik ez? Hala eta guztiz ere horretarako asko falta zait.

Atezaina ere bazara Tolosa CF-n. Taldekideek zer esaten dizute?
Adarra jotzen didate. Entrenamenduetan eta, hegaletik atera behar duten bakoitzean, «Hemendik ondo?» galdetzen didate. Amak ere etxera joaten naizenean zenbat txartel gorri atera ditudan galdetzen dit. Bai etxean eta baita taldean ere hartu dudan erabakia ulertu dute eta gustura nago. Aitak ere laguntzeko prest zegoela esan zidan, zelaiaren kanpoan kotxea martxan zuela egongo zela esanaz, korrika alde egin behar bagenuen edo.

Berazubin denboraldi-aurreko partida batean egon zinen epaile bezala, Euskal Ligako Tolosa CF-ko partida batean. Zure lehen partida izan al zen?
Ezkarain egon ginen aurrez gure denboraldi-aurrea egiten. Bertan Euskal Ligako taldeak epaitzeko aukera izan nuen. Gero etorri zen Berazubikoa.

Eta nolako esperientzia izan zen?
Hasieran, gauza guztietan bezala, pixka bat gogorra izan zen. Ez dakizu nola hartuko zaituzten. Beti dago jendea protestaka ibiltzen dena. Azkenean, ordea, zuk zure lana egin behar izaten duzu, eta zure erabakia da balio duena. Batzuetan kontuan hartu behar da besteek esaten dizutena, baina beste batzuetan belarri batetik sartu eta bestetik atera behar zaizu.

Berazubiko partida horretan Tolosa CF-ko jokalariak kexaka ere ikusi genituen.
Bai, eta nire izenez deitzen ninduten. Zarauzkoak pixka bat harriturik ibili ziren, «Arbi» deitu beharrean izenez deitzen nindutelako.

Partida amaieran zerbait esan al zizuten?
Entrenatzaileak zoriondu egin ninduen, eta hori izugarri eskertzen da. Bestela ezer ere ez; dutxatu eta etxera.

Tolosar batentzat Berazubin aritzea polita izango da.
Berez ezin dut epaile bezala ibili Tolosan, bertakoa naizelako. Aukera hori izatea oso polita izan zen. Berazubi estadio oso esanguratsua da, eta Euskal Ligako taldeekin aritzea ere oso esperientzia polita da.

Behin denboraldia hasita, nola antolatzen dituzu asteburuak?
Atezain bezala partidak larunbat arratsaldeetan jokatzen ditut normalean. Epaile bezala igande edo larunbat goizetan ibiltzen naiz.

Zein mailatan aritzen zara?
Atezain bezala lehen junior maila bezala ezagutzen zenean. Orain 15 urtetik erretiratu arte aritzea daukazu. Epaile bezala lehen urteko kadeteekin aritzen naiz. Ordizian eta Andoainen tokatu zaizkit eta oso gustura ibili naiz. Andoainen, bertako entrenatzailea epailea ere bada, eta amaieran ondo ibili nintzela esan zidan. Horrelako hitzek zure buruarengan konfiantza sortzen dute.

Eta batez ere hasieran, konfiantza horren beharra izango da, ezta?
Kanpotik entzuten dituzun iritzi onek beti laguntzen dizute. Batzuetan zalantza izaten duzu zer epaitu eta zer ez. Horrelako animoek aurrera jarraitzeko indarra ematen dizute, ahalik eta hobekien egiten saiatuz.

Neska asko al zaudete epaile bezala?
15-20 bat izango garela esango nuke. Hilabetean birritan elkartzen gara bilera bat egin eta bakoitzak bizitakoa kontatzeko.

Eta hori ere oso garrantzitsua izango da konfiantza hori hartzeko.
Azkenean ez gara asko mutilekin alderatuta. Denon artean lagunduta hobeto ateratzen dira gauzak, eta dena errazago egiten du horrek.

Gogotsu nabaritzen zaizu esperientzia berri honekin.
Zerbait egitea erabakitzen baldin baduzu gustura egiteko da. Ezin duzu zerbait egin gustura ez baldin bazaude, zeren orduan ez da ondo aterako. Oraingoz bai, gustura nago, baina hemendik urtebetera agian esango dut gehiago ez dudala nahi. Hala eta guztiz ere, nire ustez, hau gehiagora joango da.

Hasieran aipatu duzun azterketa egiteko liburuxka, arautegiarena, errepasatu al duzu berriz?
Lehen partidaren aurretik begiratu nuen, badaezpada. Noizean behin begiratzea ez dut uste sobera egongo denik.

Orain atezain bezala jokatzen ari zenean, beste epaileei nola begiratzen diezu?
Aulkian zaudenean begiratzen diezu, eta errieta egin ere bai. Gure artean ezagutzen gara eta konfiantza pixka bat badago. Gaizki egiten baldin badu, epailea izan edo ez izan, beti kexatzen zara.

Epaileen aurkako irainak ere albiste izaten dira maiz. Horrelakorik bizi izan al duzu?
Guraso batzuk harmailetan ikusten dituzu garrasika eroak bezala. Zure buruan konfiantza galtzeko ibiliko dira horrela. Argi dago horrelako jarrerak guretzat kaltegarri izaten direla. Bestalde, mutilen futbolean horrelako gehiago izaten direla uste dut neskenean baino.

Eta neska izateagatik, zerbait esan al dizute?
Oraindik ez, eta espero dut horrelakorik ez entzutea inoiz. Partida amaitzean akta betetzen dugu eta hor atal bat izaten da gertatua kontatzen duzuna. Federazioak denak irakurtzen ditu, eta zaletuen jarrera ez baldin bada guztiz ona, taldeari isunak jartzeko aukerak daude.

Lehen aldiz epaile jantzia jantzi zenuenean…
Oso arraroa izan zen. Hartu bezain pronto etxean jantzi nuen. Nire tailakorik ez zegoen eta oso handia hartu behar izan nuen. Arraroa izan zen dena, baina ondo.

Futbol jokalariek amets egiten duten bezala, epaileek egiten al dute?
Bai. Emakumeen lehen mailan epaile bezala aritzea asko gustatuko litzaidake, edo hegaleko epaile izatea. Baina oraindik asko geratzen zait horretarako. Pausoz pauso eta presarik gabe joan beharra daukat. Gauzak ondo egiten baldin baditut iritsiko da aukera. Aurrez, ordea, lana egin beharra dago. Fruituek etorri behar baldin badute, etorriko dira. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!