Tolosa Eskubaloia, etxean sendo

Ataria 2018ko urriaren 9a

Joan den asteko kolpe gogorra ahazteko garaipena lortu du Tolosako eskubaloi taldeak Usabalen, 30-26 Corralesen aurka.

Porrot gogorra jaso zuen aurreko astean Tolosa Eskubaloiak Zaragozan. 34-26 galdu zuen Casablancaren aurka, baina aienetarako astirik gabe, larunbat honetan garaipenaren bidera itzuli zen, etxean.

Corrales zuen aurkari, eta inoiz hutsik egiten ez duen zalegoaren laguntzaz, hasieratik partida kontrolpean izan zuten urdinek. 10. minuturako dagoeneko hiru goleko errenta zuen markagailuan Alex Noguesen taldeak. Sei goleko tartea ere zabaldu zuen bigarren zatiaren lehen minutuetan, baina lau-bost goleko abantailari eutsi zion neurketa osoan zehar, estutasunik gabe. Amaieran, 30-26.

Kepa Letamendi izan zen tolosarren golegile nagusiena, bost tanto eginda. Lau egin zituzten, Estanis Arsuagak, Iker Ortizek, Carlos Limousinek eta Danel Mendinuetak.

Bi garaipen etxean, porrot bat kanpoan, lehen hiru neurketetan. Oraindik hobetzeko dutela argitu du Noguesek: "Erasoko jokoan gauzak findu behar ditugu, eta defentsan ere zenbait akats zuzentzea tokatzen zaigu. Hala ere, taldea ondo ari da lanean, eta bide horri eutsi nahi diogu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!