Ilusioa borborka

Mikel Iraola 2018ko urr. 9a, 13:26

Asteburu borobila izan du Tolosak: Ohorezko Erregional mailako taldeak 3-1 irabazi dio Mutrikuri erakustaldia emanda, eta Euskal Ligakoa 1-4 gailendu da Oiartzunen zelaian.

Joko onak eta golek ez dute etenik Tolosarentzat. Asteburuak pasa ahala, klub urdinaren lehen bi taldeek sendo jarraitzen dute, eta noski, zelaian ikusitakoaren ondoren, ilusioz gainezka dira zaleak.

Hernanikoa bezalako zelai zail batean 0-3 irabazi ostean, Erregional Mailako taldeak beste aurkari gogor bat jaso zuen larunbatean Berazubin, sailkapenean gainetik zuen Mutriku. Oreka handiko norgehiagoka izango zela aurreikusten zen, baina Avellanedaren taldeak erakustaldia eman zuen, beste behin.

Zubeldiak eta Aierbek gidatuta, sekulako astindua eman zion talde mutrikuarrari, lehen minututik. Aukera ugari sortu zituzten. Mansok bi aukera garbi izan zituen, 12. minutuan Aierbek lehen gola egin aurretik. Zelai erdian baloia lapurtu, Zubeldiak lerro artetik pasea egin, eta anoetarrak egindako pase bikaina bikain aprobetxatu zuen ibartarrak, 1-0ekoa jartzeko.

33. minutuan sartu zuen Tolosak 2-0ekoa. Zubeldiak, eskuin hegaleko erdiraketa bat modu ikusgarrian errematatu zuen, erortzen ari zela.

Atsedenaldiaren ondoren, lehen zatiko gidoi bera errepikatu zen, 3-0ekora arte. Aierbe izan zen berriro ere golegilea, ezker hegaletik Leceak egindako erdiraketa aprobetxatuz. Segidan, Leceak berak laugarrena egiteko bi aukera garbi izan zituen, baina ez zuen horrelakorik lortu.

Zertxobait erosotasunean erori zen orduan etxeko taldea, eta Mutrikuk gola egitea lortu zuen. Rubenek ere atepetik atera zuen baloi bat, baina urdinek ez zuten aparteko arriskurik izan beren ate inguruan.

«Oro har, neurketa oso ona jokatu genuen, baina argi dago ez dagoela despistatzerik. Bigarren zatiaren hasieran ia bi txartel hori jarraian ikusi zituen gure jokalari batek, eta horrek ere egoera guztiz alda zezakeen. Horrelakoetan kontuz ibili behar dugu», aitortu du denboraldi hasierarekin pozik dagoen Avellanedak.

Ez da gutxiagorako. Lehen bost jardunaldiak pasa dira, eta tolosarrak hirugarren dira sailkapenean, 11 punturekin, Anaitasuna liderrak baino lau gutxiagorekin. Aipagarria lortutako gol kopurua: 13. Segi dezala gol festak.

Neskak, sendo

13 mutilek, 15 neskek. Euskal Ligako taldeak 15 gol egin ditu lehen bost neurketetan, horietako lau joan den asteburukoan. 1-4 irabazi diote Oiartzuni. Leire Lopetegi eta Ainhoa Bengoetxea bitan izan ziren golegileak; bestea, bere atean sartu zuten oiartzuarrek.

Imanol Caveroren taldea ere hirugarren postuan da, 13 punturekin, partidarik galdu gabe. Arratia da liderra, bi puntu gehiagorekin. Larunbatean, 15:30ean, Hernani hartuko dute Usabalen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!