Isastegiko sagardoa, munduko 100 sagardoren artean aukeratu dute

Iñigo Terradillos 2018ko urr. 9a, 10:40

Susanna Forbes kazetari eta idazle britaniarrak mundu osoko sagardo eta sagardotegien gida osatu du 'The Cider Insider' liburuan. Euskal Herriko zazpi sagardo aukeratu ditu, eta horien artean da Tolosako Lasa familiaren Isastegi.

Susanna Forbesek argitaratu berri duen 'The Cider Insider. The essential guide to 100 craft ciders to drink now' liburuak mundu osoko 100 sagardo artisau eta sagardotegirik aipagarrienak biltzen ditu.

Ardoan, garagardoan eta sagardoan espezializatutako kazetari eta idazlea da Forbes, eta osatu duen gida sei urteko ikerketaren emaitza da. Idazle eta kazetari britainiarrak sagardoa ekoizten duten mundu osoko lurralde nagusiak zeharkatu ditu urte horietan: Ingalaterra, Bretainia, Normandia, Alemania, Australia, Zelanda Berria, Kanada... eta 2018ko martxoan Euskal Herria.

Bada, bisita hartan ezagututako zazpi euskal sagardo hautatu ditu bere libururako, eta horien artean da Tolosako Isastegi Sagardotegiko Euskal Sagardoa, txapelgorri bezala ezagutzen dena.

«Joan den urteko uztako sagardoa da. Izugarria izan zen lehengo urteko uzta, eta sagardo asko eta ona egiteko aukera izan genuen. Hala ere ez zen azken produktuan bakarrik zentratu. Sagardotegiaren historia, bilakaera, kokalekua eta inguruak ere interesatzen zitzaizkion. Gure lan egiteko modua ere azaldu nizkion sagardotegira egindako bisitan. Zerbait zabalagoa nahi zuen», dio Joseba Lasa, Isastegiko arduradunak.

Joan den astean aurkeztu zuten liburua, Sagardoaren Kultura eta Turismoaren I. Topaketaren testuinguruan, Astigarragako Iretza sagardotegian. Nazioarteko ordezkariekin esperientziak elkarbanatzeko eta beste txoko batzuetako sagardo zapore ezberdinak dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

[JOSEBA LASAI ELKARRIZKETA, AUDIOAN]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!