Unai Arroyok Txingudi Korrika lasterketa irabazi du

Ataria 2018ko urriaren 8a

Argazkiak: Gabriel Beldarrain (Blogspot)

Hendaia eta Hondarribia arteko 10 kilometroko lasterketan azkarrena izan zen tolosarra. Emakumezkoetan, Maialen Muñoz ibartarra hirugarren izan zen.

Haizeak markatu du aurtengo Txingudi Korrika lasterketa, XX. edizioa. 562 korrikalarik hartu zuten parte larunbateko lasterketan, eta guztien gainetik, izen bat nabarmendu zen: Unai Arroyo tolosarrarena.

Hegan egin zuen Arroyok, eta lasterketako marka puskatzetik gertu ibili zen. Tarteko helmugetan orain arteko marka (31:34) baino denbora hobeak egiten ari zen tolosarra, baina amaierako haizea tarteko, ezin izan zuen hobetu azkenean. Lau segundora geratu zen: 31:38.

Bigarren Jose Gomez irundarra izan zen, 32:15ko denbora eginda. Bost segundo gehiago behar izan zituen Iker Oliveri hondarribiarrak osatu zuen podiuma. Aritz Garin billabonatarra zortzigarren izan zen, 33:52ko denborarekin.

Emakumezkoen artean, Alejandra Arribas iruindarra izan zen azkarrena, 38:58ko denbora eginez. Minutu eta erdi gehiago behar izan zituen bigarren izan zen irungo Irene Sanzberrok. Maialen Muñoz ibartarrak hirugarren egin zuen, helmugara 40:45ren ostean iritsi eta gero. Laiane Arrospide tolosarra bosgarren sailkatu zen 41:52ko denbora eginda.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!