Munduko emakume gazteen bilkura batean parte hartuko dute sei tolosarrek

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 3a, 17:32

Erasmus + programaren bidez, Wisbaden-eko (Alemania) topaketa batean parte hartuko dute Tolosako 6 emakume gaztek; Palestinako, Poloniako, Turkiako eta Alemaniako emakumeekin batera ariko dira. 

Emakume Gazteen Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, Eramus + programak topaketa bat antolatu du Wisbaden hirian, Alemanian. Munduko hainbat txokotako 16-17 urte bitarteko 40 emakume gazteren bilkura izango da urriaren 6tik 14ra bitartekoa, eta bertan izango dira Garazi Oiartzabal, Malen Zeberio, Ane Antxustegietxarte, Maialen Nuñez, Nora Cecile eta Miren Goikoetxea tolosarrak. 

Bertan, Jerusalem (Palestina), Wroclaw (Polonia), Niñufer (Turkia) eta Wisbaden-eko (Alemania) emakume gazteekin batera ariko dira, parekidetasunaz hausnarketak eginez, herrialde eta kulturen artean, esparru horretan, zein desberdintasun dauden ikusiz, eta elkarlana landuz.

Tolosako ikastetxeetara proiektuaren proposamena bidalita, guztira 40 emakume gaztek eman zuten izena, Eramus + egitasmoa parte hartzeko; aukeraketa, ikastetxeek, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek elkarlanean egin dute. Kontuan hartu dituzte, besteak beste, emakumeok herri ekimenetan, mugimendu feministan, atzerriko programetan nahiz elkartrukeetan izandako esperientzia, eta baita ingelesez aritzeko erraztasuna ere. Hori guztia, eta feminismoarekiko interesa eta egindako ekarpenak. 

Horrela, bada, topaketan parte hartuko duten emakumeek azpimarra jarri diote beste herrialdeetako emakumeen egoera ezagutzeari: "Garrantzitsua da besteen bizipenak eta errealitatea ezagutzea, lehen eskuko informazioa jasotzea, kontatzen digutena jaso beharrean (...). Gure errealitatetik abiatuta ezagutzen dugu, oraingoz, emakumeok egoera. Proiektuaren bitartez, ikusi ahal izango dugu zein gabezia edo zein pribilegio ditugun, beste zenbait tokitako emakumeekin alderatuta". Horrela, feminismoaren helburuetara iristeko batasunaren beharraz ere ohartarazi dute gazteek: "Emakumeok ditugun mugen kontra, mundu osoko emakume guztiok batera egin behar dugu". 

Topaketak aberastasun pertsonala eskainiko diela uste dute, baina, horrekin batera, espero dute, Tolosara bueltatutakoan, ikasitakoarekin zerbait garatu ahal izatea. 

Aldundiaren babesa

Nuria Carbonell kultura, festa eta gazteria zinegotziak iragarri du egitasmoa eta, azaldu du, "udalak garrantzi handia" eman diola egitasmoari. Europara begirako programa da Erasmus +, eta gizarteko hainbat auzitara bideratzen du, gazteen lanketa; betiere, herrialde eta kultur arteko trukea bermatuz. Horrela, Tolosako Udalak emakume gazteen proiekturako proposamena aurkeztu bezala, Donostiako eta Bergarako udalek beste bi arlotan parte hartzea lortu dute. 

Udalak aldundiaren diru laguntza jaso du, eta ia erabat finantzatu ahal izan dute proiektua. Halaber, aholkularitza zerbitzua ere eskaini dio, aldundiak, Tolosako Udalari. Horrela, sei emakume gazteekin batera, bi hezitzailek ere bidaiatuko dute Wisbaden-era. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!