Iheslari eta deportatuen eguna, Tolosan

Ataria 2018ko urriaren 3a

Lasa eta Zabalaren bahitzearen 35. urteurrena gogora ekarriko dute gaur, solasaldi batekin; larunbatean, egun osoko egitaraua izango da.

Orain arte Ipar Euskal Herrian antolatzen zuten egitasmoak, estreinakoz hartuko du, aurten, Hegoaldeko herri bat. Horrela, iheslari eta deportatuen eguna Tolosan antolatu du, larubaterako, Kalera Kalera ekimenak. Irailaren 20an Euskal Herriko aurkezpena egin zuten, eta bertan azpimarratu, «elkarbizitza normalizatzeko bidea» iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eratzea dela.

Bide horretan, Joxi Zabalaren eta Joxean Lasaren desagertzearen 35. urteurrenarekin abiaraziko dute, gaur, larunbatean jarraipena izango duen egitaraua. 19:00etan hasita, Gerra zikina Euskal Herrian solasaldia izango da, kultur etxean, Iñaki Egañaren eta Lasaren eta Zabalaren senideen eskutik. «Errelatoaz, gatazkaren bortizkeriaz eta abarraz hainbeste hitz egiten den garai honetan, gehienetan ahaztu egiten da estatuek erabilitako biolentzia, eta bereziki estatu terrorismoa».

Larunbatean, berriz, hitzaldia, ekitaldi politikoa, kirola eta festa giroa izango dituzte.

IHESLARIEN EGUNA, EGITARAUA

Urriaren 6a, larunbata

10:30. Guneen irekiera.

11:00. Hitzaldia kultur etxean.

11:30. Sagardo dastatzea.

12:00. Batel jaitsiera.

12:30. Ekitaldi politikoa Alondegian.

13:00. Kalejira.

14:30. Bazkaria Alondegia plazan.

Oharra. Bazkariak 20 euroko prezioa du, eta 634 00 77 12an edo iheslarieneguna@gmail.com-en erreserba daitezke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!