Zortzi hilabete eta gero, Tolosaldea Bus-eko langileek bihar erabaki dezakete greba mugagabea bertan behera uztea.
Urtarrilean hasi zuten borrokaldia, bi alditan banatutako sei eguneko greba egin zuten urtea hasi berritan, eta otsailean hasi zuten mugagabea. Hilabeteak enpresaren eta langileen arteko elkarrizketarik gabe eman eta gero, pasa den irailean egin zituzten lehen bi bilerak, eta gaurko bilera mugarri izan dela esan du ELA sindikatuko Ana Alkortak. «Enpresak proposamen serio bat jarri du mahai gainean, eta hitz egiteko prest dagoela adierazi du». Enpresak negoziatzeko borondatea agertu du beraz, eta langileak itxaropentsu daude. Bihar izango dute bigarren bilera erabakigarria; greba mugagabean dauden langileek proposamen bat jarriko dute mahai gainean. «Ea zer erantzuten duten, baina itxaropentsu gaude», gaineratu du.
Aldarrikapenak
Tolosaldea Bus-eko langileek enpresa hitzarmena aldarrikatzen dute. 2014tik ez dute berritu. Uztailean herrialde mailako hitzarmena sinatu zen –ELAk ez zuen sinatu– eta enpresa hori sinatu zain zegoen, greba mugagabean dauden Tolosaldea Bus-eko 14 langileekin biltzeko. Langileek dena den, herrialde mailako hitzarmenak ez dituela beren nahiak asetzen diote. Euren ustez Tolosaldea Bus-en egiten duten lanak ezaugarri propioak ditu, eta horiek ez dira aurreikusten herrialde mailako hitzarmenean.