«Burua beti Euskal Herrian izan dut, baina Uruguain oso pozik bizi naiz»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 3a, 07:59

Bizitzako urte gehienak ozeanoz bestalde pasatu ditu Arantxa Baztarrika tolosarrak, baina bi aberri dituela dio, irmo. 91 urterekin, jaioterrira bisitan da seme-alabekin.

Duela 66 urte Montevideora (Uruguai) joan zen bizitzera, baina begi dirdiratsuz dio, Euskal Herria ez duela «sekula» ahaztu. Arantxa Baztarrikak (Tolosa, 1927) 91 urte ditu, eta horietatik 66 Uruguain igaro baditu ere, bi aberridun pertsonatzat du bere burua. Berarekin hizketalditxo bat izatea nahikoa da, tolosar-uruguaitarra bi hitzetan definitzeko: mendizalea eta euskaltzalea.

Tolosatik Montevideora iritsitakoan, oso desberdina iruditu al zitzaizun hura?

Egia esan, ez zitzidan iruditu alde handiegirik zegoenik; gainera, jende ezagun asko zegoen han. Joxemari Iriarte aireportura joan zitzaigun bila, adibidez; oso ezaguna zen Tolosan, inauterietan-eta. Oiartzabaldarrak ere han zeuden, Carlotita eta Lina; Letxuga kalean bizi ziren, gogoan dut. Haien babesa ere izan nuen, beraz. Izan ere, senarrak abere-ustiaketan egiten zuen lan, eta asko ibiltzen zen hara eta hona; hamar egun kanpoan pasatzen zituen, eta etxean beste hamar. Esan liteke, beraz, ez dugula ohiko bikote bizitzarik izan. Bizimodu ebakia izan dugu, asko irauteko moduan, haserretzeko denborarik ez genuen eta! [Barreak].

Senarra hangotarra al zen?

Ez, Intzakoa, nafarra; Araitz bailarakoa. Asteasuko Santamañan ezkondu ginen, eta zapatak eskuan genituela igo behar izan genuen, ez baitzegoen errepiderik. Gure amaren jaiotetxea parez pare ikusten da Santamañatik: Larraulgo Soarrain. Organoa ere igo egin behar izan genuen, eta bazkaria Amasan izan zen, Arantzabin.

Hainbeste urte han bizitzen, eta euskara bizi-bizirik duzu.

Bai, baina pixka bat makaldu zait euskara. Askok galdetzen didate: «Nola eutsi diozu ba?». Eta ez dakit nola azaldu, han ez baitut aukera handiegirik izan, jendearekin euskaraz hitz egiteko. Irakurri egin izan dut urtetan eta, azken urteotan, Euskadi Irratia entzun ere bai, internet bidez. Berria egunkaria ordenagailutik irakurtzen dut egunero, eta Berriaren laguntzaile ere bagara, Uruguaitik. Ahal duguna egiten dugu.

Orain badira tresnak eta baliabideak, baina, lehen nola izaten zenuen Euskal Herrian gertatzen zenaren berri?

Gutun bitartez eta, noski, eskutitzak iristen zirenerako, albisteak beste batzuk ziren jada. Telefonoa duela 52 urte inguru iritsi zen etxera.

Alabak ere ulertzen du euskara. Hurrengo belaunaldiari ere transmititu diezue zuen ama hizkuntza, beraz.

Ez behar adina! Senarrarekin euskaraz hitz egiten nuen eta, alabak dio, batez ere beraiek ulertzerik nahi ez genuenean egiten genuela [Barreak]. Euskara entzuten zuten, eta horrek asko laguntzen du. Horrez gain, beti saiatu izan dira euskara ikasten, euskal etxean-eta; lan handia egiten dute. Haize Hegoa da gure euskal etxearen izena eta, Montevideotik atera gabe, hiru euskal etxe daude.

Euskal komunitatea garrantzitsua al da Uruguain?

Bai, bai. Egia da, Euskal Herrian jaiotako gutxi geratzen direla jada; bigarren, hirugarren edo laugarren belaunaldia dira. Baina Uruguai osoan daude abizen euskaldunak eta, batez ere, barrualdean.

66 urteotan Uruguaiko egoera politikoa aldakorra izan da. Nola bizi izan duzu?

Bai, egoera aldatu da, Euskal Herrian bezala. Baina ez dakit, ni ez naiz gehiegi sartu izan hango bizitza politikoan, egia esan. Hasieran ez genuen interes handiegirik izan.

Diktadura gogorra izan zen?

Bai. Ez zen luzeegia izan, 13 urte iraun zuen; baina, oraindik, bada desagertutako jendea. Familiak galdezka jarraitzen dute, ez zergatik, baizik eta non. Arduradun gehienak oso helduak dira jada, eta ez dute ezer esan gaiari buruz; ez damutu, ez onartu. Orain ari dira, zenbait lekutan, hildakoak lurperatuta daudela esaten, anonimoki.

Burua Euskal Herrian izan duzu.

Bai, burua beti Euskal Herrian izan dut, baina ni Uruguain oso pozik bizi naiz.

Askotan bidaiatu izan duzu Tolosara?

Bai, askotan. Nire senarra duela lau urte hil zen, baina 15 pasatu zituen Alzheimerrarekin, eta tarte hartan ez ginen Tolosara etorri. Horren aurretik, ordea, bi urtez behin edo egiten genuen bisita.

Eta, nola ikusi duzu Tolosa azken bidaia honetan?

Tolosa izugarri polita ikusi dut; baina, oso-oso polita! Duela hiru urte izan ginen azkenekoz, baina orduan ez nintzen konturatu hain polita zegoenik ere. Orain, txundituta geratu naiz. Mendiak ere oso politak daude.

Mendizalea zara?

Bai, oso zalea. Bost urtean 100 mendi igo izanagatik sari bat eman zidaten gaztetan; argazkiak ere baditut. Urtero-urtero medailak ere ematen zizkiguten, mendiak igotzeagatik. Gran Fachan badut argazki bat, 3.000 metro baino gorago. [Argazkiaren atzeko data irakurri du: 1951ko uztailaren 16a]. Nire ahizpa bat Perdidon egon zen, eta gogoan dut, Uzturren medaila eman ziotenean, askori ez zitzaiela ondo iruditu: «Hori Perdidon? Galdu egingo zen!», eta antzekoak esaten zituzten.

Emakumea zelako, ezta?

Bai, noski. Ez zen ondo ikusia, eta mendirako arropa ezkutuan janzten nuen. Garai hartan gona erabili behar izaten genuen, eta guk mendian galtza-gona moduko batzuk erabiltzen genituen.

Zaila izango zen Pirinioetara bertaratzea, ezta?

Bai. Hara iristea zen zailena, baina Tolosa CF-ko mendi taldeak antolatzen zituen irteerak. Pentsatzen dut autobusean joango ginela, baina ez dut ondo gogoratzen. Gaua Gran Fachako aterpean pasatu izana gogoan dut, hori bai. Kuadrillan joan ginen eta, erabaki zuten, erdiek Balaitusera igotzea, eta erdiek Gran Fachara. Orduan soka eramaten zen, baina guk ez geneukan sokarik. Larri ibili nintzen, txakalaldi txiki bat izan bainuen. Ene! Behera begiratu eta bazegoen lekua, bai! Nire artean pentsatzen nuen: «Nola bueltatuko naiz hemendik?». Baina gora baino errazago joan nintzen behera, pixka bat janda.

Nondik datorkizue mendira igotzeko afizio hori?

Gurasoengandik; batez ere aitagandik. Oso mendizalea zen. Bost senide ginen, eta bostok mendirako grina izan dugu beti. Ia guztiok dugu 100 mendi igo izanaren medaila.

Noiz arte luzatuko duzue egonaldia?

Urria amaierara bitarte hemen izango gara. Bisita asko egiteko asmoa dugu, baina denbora gutxi daukagu, beti baitugu zer edo zer, bai senarraren aldetik, bai nire aldetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!