Mundu zabaleko jakiak dastatzeko aukera, Pintxo-Tour egitasmoan

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 1a, 17:21

Zutani elkartearen egoitzan egin dute aurkezpena.

Zutani elkarteak III. Pintxo-Tour Interkulturala eta Solidarioa antolatu du larunbat honetarako, Tolosako Trianguloa plazan.

Tolosako Trianguloa plaza hainbat herrialdetako pintxoak dastatzeko gune bihurtuko da larunbat honetan. III. Pintxo-Tour Interkulturala eta Solidarioa antolatu du Zutani elkarteak, eta horren helburua da «Tolosako herrian dauden kultura desberdinetara gerturatzea, eta aldi berean gure elkartearen berri ematea», esan du Ana Lopetegi Zutani elkarteko kideak.

Pintxo-Tourra 11:00etatik 14:30era izango da, eta bertan hiru euro ordainduta bi pintxo eta edaria hartu ahal izango dira. Pintxoak hamahiru herrialdetakoak izango dira: Nikaragua, Brasil, Dominikar Errepublika, Ginea, Senegal, Nigeria, Turkia, Maroko, Afganistan, Pakistan, Palestina, Ukrainia eta Euskal Herria. Tolosako Botarri jatetxeko eta Leaburuko Ostatuko sukaldariak izango dira, besteak beste, pintxoak prestatzen. Musikarekin girotuko dute solidaritatea eta gastronomia elkartzen dituen egitasmoa.

JARDUNALDIAK

Urriaren 17an Pobreziaren Aurkako Eguna ospatzen dela eta, Zutani elkartekoek jardunaldiak antolatu dituzte urrian, bi astetan zehar. «Elkartearen jardueretan pobrezian eta gizarte bazterkerian aurkitzen diren familiekin topatzen gara, eta gu kezkatuta gaude egoera horrekin. Horregatik erabaki dugu ahalegin berezi bat egitea eta Pobreziaren aurkako Jardunaldiak antolatzea», azaldu du Arantxa Iruretagoiena Zutani elkarteko kideak.

Elkartetik uste dute «pertsona guztiek bizitza duinari lotuta dituzten premiak bete» behar dituztela. «Gizarte bazterketaren inguruko egoerei buruz gehiago ezagutu nahi dugu, ikasi, elkarrekin pentsatu eta herritarrak ere sentsibilizatu», esan du Iruretagoienak. Urriaren 16an hasiko dira jardunaldiak, eta hainbat gai jorratuko dituzte: migrazioa eta pobrezia, etxe barruko zaintzaren egoera, elikagaien banaketa, alarguntza pentsioak...

EGITARAUA

III. Pintxo-Tour Interkulturala eta Solidarioa

Urriak 6, larunbata

11:00-14:30. Tolosako Trianguloa plazan, hamahiru herrialdetako pintxoak dastatzeko aukera.

Pobreziaren Aurkako Jardunaldiak

Ekitaldiak Tolosako kultur etxean izango dira.

Urriak 16, asteartea

19:00. Migrazioa eta pobrezia hitzaldia. Gorka Moreno, Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria.

Urriak 17, asteazkena

19:00. Donostiako Zero Pobrezia Plataformarekin solasaldia. Jesus Ochoa.

Ondoren. Cuentos de la Tia Miseria ipuin kontaketa, Virginia Imaz Oihulari Klown taldeko kidearekin.

Urriak 18, osteguna

19:00. Despensa Solidaria Tabgha (Gasteiz) hitzaldia, Fidel Molina Berakah taldeko koordinatzailearekin.

Urriak 22, astelehena

19:00. Amparo Climenten Las lagrimas de Africa dokumentala.

Ondoren, La otra valla: de Irun a Hendaia hitzaldia, Gerardo Carrere Irungo Harrera Sareako partaidearekin.

Urriak 23, asteartea

19:00. Mahai ingurua: Etxe barruko zaintza, pobrezia eta babesik eza, Isabel Otxoarekin, EHUko irakaslea eta Bizkaiko etxeko langileen elkarteko aholkularia; eta Alarguntza pentsioak: ageriko miseria, Maite Bilbaorekin, Fevi Euskadiko Emakume Alargunen Elkarteen Federazio eta CONFAVen konfederazioaren lehendakaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!