Jakesen ausardia, auzotarrentzat gozagarri

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ira. 30a, 20:22

Aldaba auzoan, gaurko egunarekin esan diete agur aurtengo San Migel festei. Horretarako, arratsaldean, erakustaldi bikaina eskaini dute harri-jasotzaileek Tolosako auzoan dagoen Intxur frontoian.

Aldabako auzotarrek goizean goizetik ekin diote gaurko festa egunari. Meza nagusiaren ondoren, Alegiako Sutarri dantza taldearen emanaldia izan baita, eta sabela ondo betetzeko asmoz, bazkaria egin dute eguerdian.

Arratsaldean, berriz, ikaragarri gozatu dute auzoko pilotalekuan ikusi dutenarekin. Bertan, Mikel Lopetegi Urra, Xabier Peñagarikano Peña, Hodei Iruretagoiena Izeta IV eta Jakes Iruretagoiena Izeta V aritu dira harri desberdinak jasotzen. Azken honek egindako saioa izan da txalotuena, baita ikusgarriena ere. Ikusten da etorri berezia dutela Iruretagoienatarrek. Gainera, kirolari guztiei laguntzen, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta III aritu da.

Denetariko lanak egin dituzte denek. Helduek, 125 kiloko errektangularrarekin, 100 kiloko zilindro zaharrarekin, 113 kiloko kubikoarekin eta 137'5 kiloko harri zaharrarekin aritu behar izan dute. Guztiekin ere bi minutuz aritu dira harri-jasotzaileak. Errektangularra, 19 aldiz jaso du Urrak, eta 18 aldiz Izeta IV.ak. Zilindro zaharra, berriz, 21 aldiz altxa du Peñak. Kubikoarekin hirurak aritu dira; Mikelek 14 aldiz, Hodeiek 15 aldiz eta Xabierrek 13 aldiz jaso dituztelarik.

Azken lana, berriz, auzoko harri zahar batekin egin behar izan dute, 137 kilo eta erdiko harri baldarrarekin. Hemen ere Hodei izan da onena 6 jasoaldirekin, eta atzetik izan dira Mikel (5 jasoaldi) eta Xabier (2 jasoaldi).

Tartean, ikusleek Jakesen erakustaldiaz gozatu ahal izan dute. 10 urteko zarauztar gazteak, 37 kiloko harri errektangularrarekin ekin dio lanari, 30 segundotan 3 aldiz altxaz. Ondoren, 25 kiloko zilindro zaharra 2 aldiz jaso du esku bakarrarekin. Segidan, 20 kiloko kubikoari 2 jasoaldi eman dizkio; honi ere, esku bakarrarekin. Gero, 30 kiloko harri baldarrarekin aritu da. Hasieran, 3 jasoaldi egin behar zituela esan dute, baina berak hala eskatuta, 5 egitera ausartu da. Ekitaldiari amaiera ezin hobea emateko, 20 kiloko bola esku bakarrarekin altxa, eta frontoiari itzulia eman dio, ikusleen txalo artean.

Azkenik, egun guztian zehar aritu diren bezala, Ansorregi eta Larrañagarena izan da festa egunari amaiera emateko ardura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!