Altsasuren eta Kataluniaren arteko zubi izan da, Topic aretoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ira. 28a, 13:58

Errepresio bereko bi aurpegi solasaldiak lepo bete zuen, atzo iluntzean, Tolosako Topic aretoa, Altsasuko eta Kataluniako auzipetuen senideen testigantzak entzuteko; guztiek salatu zuten, "Espainiaren errepresio bortitza"

Gipuzkoako CDRk parez pare jarri zituen, atzo, Altsasuko kasua eta Kataluniakoa, Topic zentroan. Errepresio bereko bi aurpegi izenburupean, bi auzien arteko zubi bat izan zen solasaldia, Bel Pozueta, Edurne Goikoetxea, Laura Masvidal, Txell Bonet eta Amaia Izkoren eskutik; guztia, Martxelo Otamendik moderatuta. Senide guztiak bat etorri ziren, "Espainiaren errepresio bortitzaren adibide" direla baieztatzerakoan.

Laura Masvidalek ekin zion hitz hartzeen txandari, azpimarratuz, "estatuak bere batasuna zalantzan ikusi" zuela iazko gertakarietan: "Eta horregatik indartu zuten errepresioa". Masvidal Joaquim Forn Generalitateko Barne Kontseilariaren bikotekidea da, eta "nahiz eta orain egoera honetan egon", 2017ko urriaren 1a "herritarren miraritzat" jo zuen Topic-en.

Espetxeratzeak "oso gogorrak" izan zirela azaldu zuen, eta "eskandalagarriak" izan zirela, prozesuan parte hartu zuten ordezkari politiko zenbait espetxeratzeko erabilitako arrazoiak: "Pentsatzen zutenagatik sartu zituzten kartzelan; nire bikotekideak, ordea, lehen pentsatzen zuen berbera pentsatzen du orain". Bide horretan, anekdota moduan kontatu zuen, Masvidalek, joan den Aste Santu inguruan gertatu zitzaiena: "Abokatu onenetako batekin harremanetan jarri ginen, eta lan bikaina egin zuen, baina Aste Santu inguruan, kasua utziko zuela jakinarazi zigun, esanez, ez zirela justizia egiten ari, politika egiten ari zirela". Horren guztiaren aurrean, "bide politikoak saihestu" eta Kataluniako espetxeratuen senideak "Giza Eskubideen defendatzaile" bilakatu direla uste du Laura Masvidalek.

Bere aldetik, lehen hitzak katalanez egin zituen Txell Bonetek, eta horixe baliatu zuen egoeraren irakurketari ekiteko: "Martxelok eskatu dit lehen hitzak gure hizkuntzan egiteko, eta oso sinbolikoa da hori: hemen, ez diozue beldurrik aniztasunari. Espainiak, kontrara, bai: beldurra diete desberdintasunei, eta beldurra diote herriaren botereari".

Kataluniako independentzia prozesuaren inguruko afera "gizarte zibila kriminalizatzeko saiakera" bat da Jordi Cuixart Òmnium Cultural-eko presidentearen bikotekidearen ustez, eta 2010era egin zuen atzera: "Estatut berri bat eskatzeko jendetza irten ginen kalera, eta egun hura katalizatzaile moduko bat izan zen". Urteotan guztiotan mobilizazioek izandako gorakadak iaz jo zuen goia, eta Txell Bonetek dio "gizartea burujabetu" egin zela erreferendum hartan. Egungo egoerari begira, berriz, presoaldi prebentiboa tresnatzat du Bonetek: "Espainiak gu etsitzea nahi du, baina ezinezkoa da guk amore ematea". 

Edurne Goikoetxeak Altsasu kokatu nahi izan zuen, geografikoki eta sozialki, guztia azaltzen hasteko: "Euskal Herriaren bihotzean dago, eta foku politiko garrantzitsua izan da beti. Aldi berean, ordea, Altsasu herri anitza da". Nafarroan Guardia Zibilaren presentzia "Euskal Herriko beste zenbait txokotan baino askoz ere handiagoa" dela azpimarratu zuen Ainara Urkijo gazte auzipetuaren amak, erdietsiz, "aukera guztiak" zituztela, "halako zerbait tokatzeko".

Komunikabide zenbaiti ere jarri zien fokua Goikoetxeak, haien jarduna salatuz: "Horrelako muntaia batek aurrera egiteko, komunikabideak behar dira; ipuin kontalariak. Gure seme-alaben kasuan, zigor eskaera izugarriekin batera, beren aurpegiak telebistetan azaldu ziren, inolako epairik gabe". Horren harira, epaiketa "antzerki hutsa" izan zela dio Edurne Goikoetxeak.

"Negar asko egin dugu, baina ez dugu biktimaren itxura eman nahi". Hala hartu zuen hitza, Bel Pozueta Adur Ramirezen amak. Altsasuko gazteen aferak sorturikoa "elkartasun ariketa izugarria" izan dela uste du, eta erretirodunekin nahiz feminismoarekin parekatu zituen solasaldian: "Bi manifestazioak historikoak izan dira, eta gure iruditegiaren zati izango dira jada. Emoziozko manifestazioak izan ziren, eta transbertsalak, alderdi guztietako jendeak parte hartu zuelako. Herritarrek alderdi politikoek baino adostasun handiagoa erakutsi dute".

Hizpide izan zituen Altsasuko gazteen hurbiltzeak eta, semea Iruñeko espetxeetara gerturatzea "oso-oso gogorra" suertatzen ari zaiela aitortu zuen Pozuetak: "Kontua normalizatzen ari da, eta semeak kartzelan jarraitzen du. Horregatik, argi daukagu zein den gure iparra: askatasuna".

"Espainiar estatuaren DNA"

Bi kasuen arteko zubigilea izan zen, hitzorduan, Amaia Izko abokatua, eta aho-bizarrik gabe nabarmendu zuen, Altsasuko eta Kataluniako kasuak "gaitz beraren fruitu" direla: "Hau guztia espainiar estatuaren DNAren zati da, ez dutelako erantzun demokratiko bat emateko gaitasunik".

Bi auziek "inoiz ez bezalako" erreakzioa eragin dute gizartean, Izkoren iritziz: "Eta estatuak ez zuen horrelakorik espero. Urtetan, guztia justifikatu izan dute ETAren aurkako neurriekin, baina kasu hauetan ez die balio izan". Horrela, abokatuak uste du mobilizazio sozial horiek guztiek inflexio puntu bat markatu dezaketela, "sistema zalantzan jartzeko".

Hain justu, sistemari begira jarri zen bera ere, azalduz, "estatua kode penalean tresnak sartuz" ari dela: "Momentu horretan etsaitzat dutenaren aurka baliatzen dituzte tresna horiek eta, horretarako, epaileek eta fiskalek inplikatuta egon behar dute, hori guztia aplikatzeko prest. Argi dago, legeak ikuspegi gutiz ideologiko batekin erabiltzen dituztela".

Izkok "arriskutsutzat" jo zuen tresna horien erabilera, eta Audientzia Nazionala horregatik existitzen dela salatu: "Beste jurisdikzio batzuetan aurrera egingo ez luketen kontuak epaitzeko dago Audientzia Nazionala".

Azkenik, gogor gaitzetsi zuen, prozesu horietan guztietan gorputz polizialek duten papera: "Altsasuko eta Kataluniako kasuetan, esku-hartzeak erabat polizialak dira, proba eta txostenei dagokienez; gorputz polizialak ari dira auzo horien erritmoa markatzen, eta hori izugarrikeria bat da".

"Abisu bat"

Solasaldia biribiltzeko, galdera zuzena egin zien, hizlariei, Martxelo Otamendik: "Nolabaiteko abisu bat izan al da?". Guztiek bat egin zuten erantzuna ematerakoan: "Bai":

"Tranpak dira", azaldu zuen Laura Masvidalek: "Zuzenbidea erabiltzen ari dira, erabili behar ez litzatekeenerako". Txell Bonetek ere, iritzi berbera du: "Egin duten guztia aurrez pentsatuta dago, gu neutralizatzeko eta guri ahotsa kentzeko. Baina, geure burua biktimatzat jotzen ez dugun bitartean, errepresio hori erdizkakoa izango da beti".

Bel Pozuetak "iraganeko logiketara bueltatzeko interesa" izan zuen hizpide: "Gerraren logika mantendu nahi dute, eta gu guztiok ez gara tuntunak; baina ez dugu gerra hori elikatuko". Edurne Goikoetxeak, azkenik, elkartasun uholdea aipatuz amaitu nahi izan zuen: "Altsasuko kasuarekin, garaiak ikusita, Espainia osoko gizarteak pentsatu zuen horrelakorik ez zela tokatzen. Katalunian, berriz, denok pentsatu genuen errealitateak beste jokabide bat eskatzen zuela estatuaren aldetik. Baina estatuak beti berdin jokatzen du, ez dakielako besterik egiten".

Norbere bidean, baina elkarren arteko zubi eta sinergiak sortuz lanean jarraitzeko mezu bateratuak itxi zuen, Topic-eko solasaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!