Komun publikoa jarriko dute Tolosako Kultur Etxeko kanpoaldean

Ataria 2018ko irailaren 27a

Atzo hasi ziren Kultur Etxeko sarreran dagoen komuna eraberritzeko lanak, eta lau aste barru erabilgarri izatea aurreikusten du udalak.

Kultur Etxearen sarrera-atearen alboan komun berria eraikiko du Tolosako Udalak, azokako baserritarren eskariari erantzuna eman eta Kultur Etxeko areto nagusian ekitaldiak antolatzen direnerako zerbitzua emateko. Atzo, irailak 26, hasi ziren lanak.

Gaur egun Kultur Etxeko sarreran dagoen komuna eraberrituko dute, kaleko pasabidera sarbidea irekiz. Handiagoa egingo da, irisgarritasuna bermatuz, eta akabera berriekin: zorua, hormak, argiteria, aireztapen sistema, saneamendua... Konketa, komun egokitua, pixalekua, eta pixoihalak aldatzeko eremua izango ditu.

Lanek 21.200,30 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute eta lau aste irautea dago aurreikusia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!