Asteburuko festei begira daude Aldaban

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 27a, 10:18

San Migel jaiak ospatuko dituzte Aldaban asteburu honetan. Bi egunetarako antolatu dute Intxur auzo elkarteko kideek egitaraua.

«Urtean antolatzen dugun ekitaldi garrantzitsuenetariko bat izaten da», esan du Maitane Aldalur, elkarteko kideak. «Jende asko etortzen da eta saiatzen gara ahal den jai erakargarrienak antolatzen».

Txirrindulari Igoera izango da egingo den lehen ekitaldia, larunbat arratsaldean. Zortzi urte badaramatzate antolatzen proba eta urtetik urtera jende gehiago animatzen denez parte hartzera, mantentzea pentsatzen dute. Helduek eta haurrek parte hartzen dute proban, eta bukaeran guztiek «sari txiki bat» izaten dute.

Mezaren ondoren, zahagiardoa egingo da, eta afari ondorengo trikitilarien saioaren atsedenaldian bingo jokoa egingo dute. Orain pare bat urte hasi ziren bingoarekin eta giro polita» izaten dela dio Aldalurrek.

Igandean meza ere izango da eta azkenaldian ohikoa izaten den Alegiako Sutarri dantza taldearen emanaldia izango da. Saioren ondoren iritsiko da herri bazkaria. Ehun pertsona inguru elkartzen dira bertan. «Eguraldi txarra eginez gero ere, frontoia itxi dezakegu, beraz ez dago aitzakiarik joateko», esan du Aldalurrek. Beste ekitaldi klasiko bat izango da bazkalostean: herri kirolen saioa. Lau harri-jasotzaile izango dira bertan, eta Aldalurrek Jakes Iruretagoiena Izeta V.a nabarmendu du: «Zortzi urte ditu eta orain hasi berria da plazak egiten, eta igande honetan Aldaban izango da». Harri-jasotzaile bakoitza bere harriekin ariko da altxaldiak egiten, eta hiru nagusiek Aldabako harri baldarrarekin ere bere saiakerak egingo dituzte.

Irailak 29, larunbata

17:30. Jaien hasiera, txupinazoa eta Txirrindulari Igoerarekin.
20:00. Meza nagusia.
21:00. Zahagiardoa.
23:00. Bingo jokoa.
Ondoren. Izer eta Alabier trikitilariak.

Irailak 30, igandea

11:30. Meza nagusia.
12:30. Alegiako Sutarri dantza taldearen emanaldia.
14:00. Herri bazkaria (txartelak aurretik erosita).
18:00. Herri kirolak. Harri-jasotzaileak: Mikel Lopetegi Urra, Xabier Peñagarikano Peña, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Jakes Iruretagoiena Izeta V.a.
Egunean zehar. Ansorregi eta Larrañaga trikitilariel alaituko dute giroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!